Winnemucca, Nevada, AEB. Winnemuccako mural eta musika jaialdia maiatzaren 29tik ekainaren 1era egingo da eta beste hainbat kultur ekintzaren artean, bertako zein nazioarteko 23 muralistaren biltoki bilakatuko da, beren artearen bidez Nevadako herri honetako nortasuna paretetan islatzeko. Parte hartzeko hautatuak izan diren artisten artean Leire Urbeltz dago. Nafar artistak Winnemuccara iritsi ziren euskal emakumeak hartuko ditu ardatz margolana egiteko. Gogora dezagun, Renotik 170 miliatara dagoen Winnemucca, euskal immigranteen presentzia eta eragin historikoa duen herria dela Navada iparraldean, euskal ostatuak izan dituen eta dituen herria, eta baita euskal etxea ere, 'Euskaldunak Danak Bat' izenekoa.
Urbeltzek 'ideia-jasa' batera deitu zituen bertako euskal emakumeak, honako galderaren inguruan "Zergatik etorri ziren euskal emakumeak Winnemuccara?”
Gauzatu nahi zuen kontzeptua langu eta garatu ahal izateko, horma-margogile nafarrak deia egin zien herriko eta inguruko euskal gizataldeko emakumeei, bildu eta euren esperientzia eta ideiak biltzearren. Joan den larunbatean egin zen bilera, apirilaren 19an, eta adin guztietako emakumeekin solastu zen. “Zergatik etorri ziren euskal emakumeak Winnemuccara?” galdera orokorra planteatu, eta bertan mahaigaineratutako hainbat datu, iritzi eta sentimendu jaso zituen.
Ideia-jasa amaitu ondoren, nagusi agertu zen kontzeptuetako bat emakume zaintzaile eta kultura transmisorearena izan zen. “Winnemuccako gaurko emakumeentzat, eraginik handiena duten euskal emakumeak euren komunitatekoak dira, bereziki hizkuntza eta dantzak mantendu eta irakatsi dituztenak. Era berean, egin ohi zituzten etxeko lanak funtsezkoak dira beraiek irudikatzeko, abegikortasunari lotuta daudelako”, adierazi dio margolariak EuskalKultura.eus-i.
Doktoradutza euskaL horma-irudietan
Leire Urbeltz doktoretza ikasketak ari da egiten gaur egun Nevada-Renoko Unibertsitatean. Mendebaldeko Amerikako euskal-amerikar muralak delarik bere tesi-gaia. Karia horretara eskualde zabal batean dauden muralak katalogatzen eta ikertzen ari da. Baita bera ere, artista den heinean, horma-irudi berriak egiten.
- Leire Urbeltzen weborria, hemen
- Leire Urbeltz Instagramen, lur_is_land