euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Leire Leunda Viscarreten tupusteko heriotzak, 38 urte, euskal venezuelar komunitatea zinez kolpatu du

2013/12/26

Leire Leunda Biskarret aurreskua dantzatzen, 2008ko azaroan, Caracasen erail zuten Iñaki Amenabar lagunaren aldeko elizkizunen ondoren, Elexalden (argazkia Amaya Zenarutzabeitia)
Leire Leunda Biskarret aurreskua dantzatzen, 2008ko azaroan, Caracasen erail zuten Iñaki Amenabar lagunaren aldeko elizkizunen ondoren, Elexalden (argazkia Amaya Zenarutzabeitia)

PUBLIZITATEA

Leire Leundaren tupusteko heriotzak, atzo Iruñean, Diasporako euskal familia handia astindu du, bereziki Euskal Herriko euskal-venezuelar komunitatea eta Venezuelako euskal erkidegoa. Caracasen euskal familia ezagun batean jaioa eta hiriko Eusko Etxean hazia, Leire Leunda Viscarret euskalduna eta venezuelarra zen. Duela urte gutxi euskalerriratua, 38 urte zeuzkan eta Iruñean eta Burladan lan egin eta bizi zen. Joan den astelehenan sartu zen Iruñeko ospitalean, "inongo eritasunik zeukanik jakin gabe" eta bertan hil da atzo asteazkena 7:00etan. Joseba eta Bakartxoren alaba, eta Irantzu eta Izaskunen tarteko ahizpa, bere aldeko elizkizunak gaur arratsaldeko 19:30etan izango dira Burlatako San Blas elizan; eta Caracasen, 18:30etan Manzanares elizan.

Iruñea-Pamplona. Berria, heriotza gertatu eta gutxira hasi zen atzo zabaltzen, telefono-deiak, internet eta sare sozialak tarteko. Eguberri egunean gertatua, kolpea handiagoa izan zen erabat tupustekoa eta esperogabea izateagatik, Leire eta bere familia oso pertsona ezagun eta apreziatuak zirelako, eta emakume gaztea zelako, 38 urte besterik baitzituen. Amaya Zenarutzabeitia berri txarraren igorle izan zen, honela azaldurik egun et'erdi lehenago hasitako ameskaiztoaren genesia: "inongo eritasunik zeukanaren jakitun izan gabe, astelehenean Leire aldibereko hemorragiak izaten hasi zen eta Iruñeko Ospitalean sartu zuten, lehenengo batean, eta berehala eztakit zenbait presazko ebakuntza egin behar izan zizkioten egoera larri hori zerk eragiten zuen jakin eta bideratu nahian".

Leire Leunda Viscarret

[Leire Leunda Viscarret (argazkia Irantzu Leunda Biskarret)]

Amayak dioenez, "lehenengo analisiak aski etsigarriak izan ziren, osolaren osagai guztiak minimoetan baitzeuden, bereziki plaketak : 'Ez zeukan plaketarik, Amaya', esaten zidan sofrikarioan zen Bakartxok (Leireren amak) negar-zotinka. 'Gelditu gabe odol-poltsak eta suero-botilak ipintzen aritu izan zaizkio, baina odol jarioak segitzen zuen'. Atzo (herenegun) arratsaldean, medikuek larriena gainditu ahal izan zutela pentsatu zuten eta Leirek gaina hartu eta honetatik aterako zela".

Alabaina asteazkeneko 6:30etan familiari abisatu zioten Leire egoera kritikoan zegoela. "Bakartxo zaintza intentsibo unitatean sartu da (bertan euki dute Leire astelehenetik guztiz lasaigarripetua) azken aldiz ikusi eta despeditzeko. Hamar minutu geroago hil da. Gaurko (herenegun) goizeko 7ak ziren".

Atzo bertako arratsaldeko seietatik aurrera bere gorpuaren beila egin zen Burlatako Irache beilatokian. Errausketa gaur osteguna goizeko 11etan egingo da. Euskal-venezuelar jator, dantzari, hango eta hemengo komunitateetako pertsona aktibo, langile eta emana zen, eta  Gaztemunduko partaide ohi eta beste hamaika gauzarekin aurkez daitekeen Leireren aldeko elizkizunak gaur arratsaldeko zazpi t'erdietan egingo dira Burlatako San Blas elizan. Caracasen arratsaldeko sei et'erdietan egingo da meza, Manzanares elizan.

Lerro hauen bidez bihoazkie gure besarkada sendoa eta doluminik zintzoenak Joseba eta Bakartxo gurasoei, Irantzu eta Izaskun ahizpei eta gainerako familiari, baita ugari zeuzkan lagunei eta euskal-venezuelar familiako eta Diaspora osoan ezagun eta lagun zutenei. GB.


-Obituarioa gaztelaniaz Deian



Komentarioak

  • Goian Bego

    Gogoan izango zaitugu, Leire. Besarkada bero handi bat guraso, ahizpa eta gainerako familia eta lagunei.

    JIEL, 2013/12/26 12:10

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia