euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Leire Bilbao poetak hasiera emango dio gaur emakumeen ahotsei eskainitako Bartzelonako EH! Literaldiari

2007/04/20

Leire Bilbao poeta ondarrotarra (argazkia Susa)
Leire Bilbao poeta ondarrotarra (argazkia Susa)

PUBLIZITATEA

Leire Bilbao idazle gaztearen irakurtaldi poetiko-musikalarekin hasiko da gaur arratsaldean Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen EH! Literaldia jaialdiaren hirugarren edizioa. Jaialdia datorren maiatzaren 18a arte luzatuko da eta emakumeek eginiko literatura hartu du aurten ardatz, 'Emakumeen ahotsak/ Veus de dones' izenburuarekin. Datozen egunetan makina bat idazle eta musikari igoko dira Euskal Etxeko taulagainera: Koldo Izaguirre, Iratxe Retolaza, Iban Zaldua, Koruko Heras, Miren Agur Meabe, Julen Gabiria eta Txuma Murugarren, besteak beste.
Bartzelonako Euskal Etxea literatura munduan murgilduko da gaurtik hasi eta datorren maiatzaren 18a bitartean, EH! Literaldia jaialdiaren eskutik. Jaialdi honen helburua euskal literatura Bartzelonan ezagutzera ematea da, euskal idazleak zuzenean irakurzale kataluniarrengana eramanez. Aurtengoa hirugarren edizioa da jada eta emakumeek idatzitako literatura izango du ardatz nagusi. Euskal literatura 'gero eta gehiago garatzen ari den literatura da, eta emakumeen ahotsak gero eta protagonismo gehiago dauka, irakurzale kataluniarrengana helduarazi nahi dugun nortasun propioarekin', azaltzen dute Euskal Etxeko arduradunek.

Jaialdia gaur bertan hasiko da Euskal Etxean, Leire Bilbao poetisa gazteak eskainiko duen irakurtalko poetiko-musikalarekin. Irakurtaldia 'Ezkatak' (Susa 2006), idazle ondarrotarraren lehen lanean oinarritua izango da. Idazleak berak irakurriko ditu poemetako batzuk, eta besteak kantu bihurtuko dituzte Domentx Uzin eta Jon Basauri musikariek, Karidadeko Benta taldeko kideak. Irakurtaldia arratsaldeko 20:00tan hasiko da, Euskal Etxearen egoitzan (Placeta Montcada 1-3).

Liburu Eguna

Hurrengo ekitaldia astelehenean izango da, apirilak 23: Sant Jordi Eguna --Katalunyako patroia-- eta Liburuaren Eguna. Ohiturari jarraiki literaturaren inguruko ekitaldi asko egingo dituzte Bartzelonan eta Euskal Etxeak ere bere txokoa izango du egitarauan, ateak ireki eta elkarteak dituen euskal liburuak irakurzaleen eskura jarriz. Asteartean Koldo Izagirre idalzearen txanda izango da eta Euskal Etxean mintzaldia eskainiko du arratsaldeko 20:00tan.

Apirilak 26ean, osteguna, Iratxe Retolaza, Berria egunkariko literatur kritikaria Euskal Etxean izango da euskal literaturari buruzko mintzaldia eskaintzeko, 20:00tatik aurrera. Apirilak 28an, larunbata, haurrentzako kontu kontalari bat arituko da, arratsaldeko 18:00tan. Igande gauean bakarrizketen ordua helduko da. Iaz arrakasta handia izan zuen atal honek eta aurtengo edizioan gaua errepikatuko dute.

Musika eta literatura

Maiatzaren 4ean, ostirala, izango da hurrengo ekitaldia, Iban Zaldua idazlearen eskutik. Idazle donostiarrak Koruko Heras pino jolea izango du lagun taulagainean, musika eta literatura batzen dituen emanaldia eskaintzeko. Apirilaren 9an, asteazkena, Miren Agur Meabe idazle ondarrotarraren txanda helduko da eta apirilak 11an, ostirala, Julen Gabiria eta Txuma Murugarrak hartuko dute Euskal Etxeko eskenatokia. Datozen egunetan data bakoitzari buruzko zehaztasun gehiago emango ditugu gure Agendan.


Lotura interesgarriak

Bartzelonako Euskal Etxea
www.euskaletxeak.org

Castillo Suarez poeta altsasuarra EH! Literaldia 2006an
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko maiatzaren 12an

Unai Elorriaga: 'Euskal Etxeko literatur goseak harritu egin nau'
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko apirilaren 27an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia