euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Leiciaga, Arrospide, Elordi eta Aguirre euskal familien ondorengo argentinarrak Saladillon bildu ziren

2016/12/20

Leiciaga, Arrospide, Elordi eta Aguirre familien topaketa Saladillon
Leiciaga, Arrospide, Elordi eta Aguirre familien topaketa Saladillon

PUBLIZITATEA

Familiaren historia osatzen hasi zenean, bere lau euskal abizenak zituzten pertsonak biltzea bururatu zitzaion topaketaren bultzatzaile nagusia izan zen Olga Leiciagari. Hau da, amaren aldetik Elordi-Aguirre abizenekoak eta aitaren aldetik, Leiciaga-Arrospidetarrak. Deialdiak oso erantzun ona izan zuen eta 70 lagun bildu ziren Saladilloko Itxaropen Euskal Etxean elkarretaratzean parte hartu eta euren familiaren historia elkarbanatzeko.

Saladillo, Argentina. Leiciaga, Arrospide, Elordi eta Aguirre familien ondorengo argentinarren topaketa azaroaren 27an egin zen, Saladilloko Itxaropen Euskal Etxean, Olga Leiciaga antolatzailea erakunde honen sortzaileetakoa baita. Olgarekin batera honako lagun hauek ere egin zuten antolaketa lana: Maria Eva eta Celina Elordik, Juan ‘Tito’ Leiciagak eta Susana emazteak, eta Maria Elena Leiciagak eta Milagros Di Leok. Gonbidatuak Argentinako bazter askotatik bertaratu ziren Saladillora; gehienak Buenos Aires probintziatik –Buenos Aires hiriburutik baina baita Bahia Blanca, 25 de Mayo, Lobos eta La Plata hirietatik ere–, Santa Feko Recreo herritik, Neuquengo San Martin de los Andesetik eta Misionesko Corpus Christitik.

Bazkarian Olga Leiciagak berak azaldu zien bildutakoei topaketaren garrantzia eta familiaren zuhaitz genealogikoaren xehetasun batzuk elkarbanatu zituen ahaideekin. Bere hitzaldian, Euskal Herrira aurten egin berri duen bidaian Noël Elorga eta Joseba Etxarriri esker lortutako garrantzi handiko informazioa jakinarazi zuen, adibidez, eta seguruenik datu harrigarriena legez, euren familiaen jatorriko abizena ez zela Leiciaga baizik eta Leiciaguezahar, Argentinara etorritakoan Leiciaga bihurtuta.

Bi ikerketa

Egindako ikerketak bi liburutan bildu zituen Leiciagak eta horien kopiak banatu zituen gonbidatuen artean. Bietan familiekin lotuta dauden haurtzaro eta nerabezaroaren pasadizoak kontatzen ditu. Historia de una búsqueda liburuan, Zuberoako Leiciaga-Hilero eta Arrospide-Bertereche familien datuak bitzen ditu. Historias de familia izenburua duen bestean, Elordi-Otermin eta Aguirre-Alzueta bikoteen datu genealogikoak batzen ditu. Kasu honetan, Angel Elordik eta Alberto Aguirrek lagundu zuten Olga bere ikerketan.

“Bilaketa honetan jende asko ezagutu nuen. Adibidez, Buenos Airesko Maria Luz Echeberry. Berak pasatu zizkigun Arrospide (Róspide) eta Bertereche familien datuak eta horien historia politak. Berari esker jakin genuen gure berraitona Juan Arrospide ez zela Argentinara bakarrik etorri. Bere arreba batzuekin etorri zela, eta hori ez genekien". "Beraiek ere sortu zituzten familiak eta oraindik ezagutzen ez baditugu ere espero dugu hurrengo topaketa batean haiekin ere elkartu ahal izatea”, adierazi digu Olga Leiciagak.

“Oso une ederrak eta hunkigarriak pasatu genituen senideek inguratuta. Oso eroso egon ginen guretzat etxea bezala den Saladilloko Euskal Etxean. Horregatik esker beroak luzatu nahi dizkiogu erakundeko Zuzendaritza Batzordeari etxea uzteagatik, eta kideei bazkariarekin laguntzeagatik. Topaketa ederra izan zen; gure familiaren iragana eta nondik-norakoak ezagutu genitnuen, momentuaz gozatuta eta etorkizunerako berriro elkartzeko hainbat plan proposatuta. Zaila izan zen ‘agur’ esatea baina badakigu 2017an berriro egongo garela”, kontatu digu Corpus Christiko Euskal Etxeko lehendakaria ere baden Olga Leiciagak.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia