euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lehertu dira Sanferminak! Soilik sareetan, baina pandemia hasieratiko aurrez aurreko lehen ekitaldiak ere eginez

2020/07/08

2020ko San Fermin Eguna Tandilen
2020ko San Fermin Eguna Tandilen

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Diasporako nafar eta euskal etxeek gorriz eta zuriz tindatu dituzte azken egun hauetan euren sare sozialak. Nola ez,, Sanfermin egunak badira! Pandemiagatiko egoera medio, urte berezia izaten ari da oso 2020 hau nazioarteko oihartzunik handiena duen gure festari dagokionez ere, eta Iruñeko kaleetan isiltasun arduratsua gailendu bada ere, ‘Gora San Fermin’ oihua webera pasatu da, beti ere Nafarroako hiriburuko Udalak bultzatzen duen #BizikoDitugu leloari jarraiki.

Diasporan, Argentina izan ohi da munduan sanferminek oihartzun eta ekitaldi sorta ederr(en)a biltzen duten herrialdea, eta aurtengo berezitasunen erdian bada ere, bertako herri eta erakunde batzuek, euren inguruak fase berri batera sartu berriak direlarik, deseskalada fase horietan, "normaltasun berrira" egokitzeko urratsetan, aurrez aurreko ekintza neurtu batzuk ere hasi dira egiten. Tandilen, adibidez, Gure Etxeako lagunek omenaldi bat egin diote San Frantzisko Xabierrekin batera Nafarroako Patroia den santuari, bertan hazten den Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean.

Gisa berean, Rosarioko Nafar Etxeko lagunek ere lortu dute etxetik kanpo jarduera batzuk egiteko baimena eta, ondorioz, sareetara igotzen ari diren hainbat eduki freskoak eta egun hauetan grabatutakoak dira. Adibidez, segidako aurresku hau, txistu eta danbolinak lagunduta, atzoko bertakoa da:


[2020ko San Fermin Egunean Rosarioko Nafar Etxeko kideen aurreskua]

Rosarioko Nafar Etxeko bideo guztiak ikusteko, egizu klik hemen.

Gauza bera gertatzen da Bolivarreko Nafar Etxean. Bertako dantzariek, hartu behar diren prebentzio neurriak hartuta, egun hauetako irudiak eta artxibokoak jaso dituzte bideo honetara:


[2020ko San Fermin Eguna ospatzeko Bolivarreko Nafar Etxean]

Hiriburu argentinarra birusak gehien kolpatu duen eremuetako bat da eta kontu handiz, ahalegin berezia gauzatu du bertako Buenos Airesko Nafar Etxeak, egunero programa zabal bat sareetara igotzeko. Aurten bestalde, hiriburuko San Fermin Parrokiak 60 urte bete ditu eta Parrokiaraino irisi dira bertan Nafarroako Patroiaren omenezko otoitza egiteko:


[Buenos Aireseko San Fermin Parrokiak 60 urte bete ditu aurten, bideoak islatzen duenez]

Nafarroako Gobernu eta instituzioetako agintarien mezuek Diasporako nafar komunitateari ezin zuten hutsegin, bereziki aurtengoa bezalako urte batean. Maria Chivite lehendakariak, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Mikel Irujo Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak sostengu hitzak helarazi dizkiete Argentinako nafar etxeei, datorren urterako jaiak prestatzen hastera deituz:


[Nafarroako Gobernuko agintarien agurrak]

Andeen ingurutik, Cuyo eskualdetik, Mendozako Denak Bat Euskal Etxea bart hasi da bere San Fermin bideoak sareratzen, zenbait kultur erreferenteren mezuak baitaratuz, tartean Iñaki Perurena harrijasotzailea edo Karlos Argiñano sukaldariarena, edo Arantxa Anitua FEVAko presidentea edo Sara Pagolarena. Sareratu duten materialean, musika, errezetak eta San Fermin jaietako artxiboko argazkiak eskaintzen dira:


[Mendozatik Denak Bat Euskal Etxearen San Fermineko bideoa, duela ordu batzuk sareratua]

Hauek uztailaren 6tik 14ra arte Sanferminzaleek sareetan ikusi ahal izango dituzten materialerako batzuk baino ez dira. Argazki, bideo eta kantuek girotuko dute itxaronaldia 2021ean presentziala izatea espero den edizioa iritsi arte. Asmoa, gogoa eta apustua, zuhurtasunik handienez, transizio egoki eta arduratsua egitea, neurriak errespetatuz, baina borondate irmoa agerian utziz datoreen urtean Gora San Fermin oihurik ozenena jaurtitzeko, hasteko Iruñean, ondoren oihartzuna eta bat-egitea mundu osora zabaltzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia