euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lehenengoa kaleratu eta hilabetera, 2. edizioa atera du gaztelaniaz Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbaok

2010/04/13

PUBLIZITATEA

Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao'ren gaztelaniazko lehenengo edizioa, 30.000 alerekin, plazaratu eta hilabetera, bigarrena atera du kioskoetara Seix Barral argitaletxe bartzelonatarrak. Estatu mailan salduenen zerrendan dagoen eleberriak bilduak ditu orain arte Espainiako 2009ko Narratiba Sari Nazionala eta euskarazko Kritika Sari Nazionala. Ibilbide arrakastatsu hau ospatzeko, festa ekitaldi bat antolatu da bihar asteazkena Bilboko Campos Eliseos Antzokian, aldi berean Liburuaren Nazioarteko Eguna aurre-ospatu eta liburua Bilboko publikoaren aurrean aurkezteko. Bihar arratsaldeko zortzietan, Bertendona kalean.

Bilbo, Bizkaia. Egilearen ordezkariek gure erredakziora bidalitako oharrak dioenez, aurkezpen bilbotarra bihar asteazkena izango da, zenbait gonbidatu eta hizkari partaide, arituko direlarik besteak beste Iñaki Azkuna Bilboko alkatea, hitz batzu eginez; Felix Linares kazetariak elkarrizketa laburra egingo dio Kirmen Uriberi; eta Kirmen Uribek berak bere testu batzuk irakurriko ditu, Gari kantariaren musika lagun, Garik bestela ere Uriberen olerkietako batzuk musikatu izan baititu.

[Arrainek eta zuhaitzek elkarren antza dute]

Gogoratu beharra dago 'Bilbo-New York-Bilbo' eleberriak, urtero Espainiako Kultura Ministeritzak babesten duen Narratiba Sari Nazionala bereganatu zuela 2009an."Familia bereko hiru belaunaldiren historia kontatzen duen eleberri zatikatu" honi emandako sariak zinezko bultzada ekarri dio Kirmen Uriberi, idazle euskalduna ohituta bazegoen ere sariak hartzera bere lan poetikoa tarteko. Lan arriskatua baina atsegina da nobela, testu hurbil eta hunkigarria, muzin egiten ez diona haatik literatura egiteko teknika berritzaleenei.

Gaztelaniazko itzulpenaren bigarren edizio honek eta bere 'jaurtiketa' edo 'jaurtialdiak', sari horrek lagunduta, eta sariaren inguruan sortu zen eztabaidak ere lagunduta --batzuek ez ziren kontent edo susmoak agertu zituzten saria euskarazko lan bati eman izanaz, gaztelaniazko bertsioa oraindik ere kalean ez zegoenean-- literatur plazaren erdian kokatzen dute egile gazte bat, promesa izateari utzi eta egungo literatur balore berrien artera eskubide propioz sartu dena, poeten zirkulu hautu --baina gutxi ezagutua-- utzi eta konplexurik gabe literatura idazten duena, literatura garaikidea, literatura, eta euskaraz, euskal literatura.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia