Boise, AEB. Zalantzarik gabe, bide bat egin da Boisen ere eta aurten lehenengo aldiz, hiru neska dantzarik hartu dute parte lehenengo aldiz, Boisen urtero San Inazio eguna dela eta bertako eliza batean egin ohi diren Corpuseko dantzetan. Ekitaldia joan den larunbatean eman zen Boiseko St. Mark elizan, eta urtero bezala, Boiseko Oñati dantza taldeko dantzariek San Ignazioren irudia lepo gainean eraman zuten prozesioan, Euskal Herrian Oñatiko dantzariek Corpus egunean dantzatzen dituzten dantzak dantzatuz. Ondoren, eliz barruan, aldarean dantzatu zuten eta San Inazio meza ondoren, berriz ere kanpoan, txistulariaren laguntzaz.
Jaclyn Lasuen, Elise Overgaard eta Kristina Franzoia izan dira Boiseko Oñati taldeko dantzari gisa San Inazio eguneko dantza boisetartu honetan aurrenekoz aritu diren hiru dantzariak, euskal komunitateko kide ezagunak hirurak. Zorionak!