euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lehenengo aldiz bertako irakasleek hartu dute euskara eta dantza klaseen ardura General Belgranoko Gure Etxean

2021/05/14

Euskara klaseak, on line, Gral. Belgranoko Gure Etxean
Euskara klaseak, on line, Gral. Belgranoko Gure Etxean

PUBLIZITATEA

Gral. Belgrano, Argentina. 1991ean sortu zuten Buenos Aires probintziako General Belgranon Euskal Etxea, baina handik denbora gutxira ekintzak apalduz joan ziren desagertu arte. Horregatik 2017an oso harrera ona izan zuten Euskal Etxea berpizteko eta Zuzendaritza berri bat osatzeko pausoek. Berehala hasi ziren jarduerak, batez ere euskara eta dantza klaseak, eta baita jaiak ere. Hainbeste urte eta gero, ordea, Elkarteak ez zeukan euskara edo dantza irakaslerik baina zorionez herrian zeuden Iparraldeko bi gazte, Edurne Altune eta Joana Ourthiague, Euskal Etxera hurbildu eta haiek hasi ziren klaseak ematen.

Denbora pasatu da eta gauden 2021ean, guztiak bezala birtualtasunera egokitu behar izan du Gure Etxeak Koronabirusagatik ezarri diren murrizketen ondorioz; baina nobedadeak ere baditu. Bai euskara klaseak baita dantzenak ere Euskal Etxeko bazkide diren bertako irakasleen ardurapean daude. Lehenengoak, Euskara Munduan programan ikasten ari den Natalia Urcolak ematen ditu eta dantzarien trebetasunaz folklore eta dantza klasiko irakasle den Barbara Perez Arrua arduratzen da.

Euskal Etxeko erreferente eta aldi berean ikasle den Sonia Etchelet-ek azaltzen digunez, “Astean bitan ditugu euskara eskolak plataforma birtual batean eta ikasi eta primeran pasatzen dugu. Irakasleak lan handia egiten du hizkuntza edukiekin batera jolasak ere aurkezteko eta giro ederra dago klaseetan”, diosku. Giro bikain hori, gainera, klaseetan ez ezik, nabaria da sareetan taldeak partekatzen dituen komentarioetan ere.

Euskal dantzak ere bizi bizirik daude Gral. Belgranon Euskal Etxeak egiten duen lanari esker. Beste jarduera askotan bezala, presentzialki biltzeko gogoz. “Irakasleak bidaltzen dizkigun bideoekin ari gara ikasten oraingoz oinarrizko pausoak, laster dantzekin hasi ahal izateko”.

“Elkartzeko gogo handia dugu, jaiak antolatzeko eta egiteke ditugun gauzak burutu ahal izateko. Laster Zuzendaritza Batzordea berrituko dugu”, jakinarazi dio EuskalKultura.eus-i Euskal Etxeko Etchelet idazkariak.

Gral. Belgranoko Euskal Etxea Facebook-en, Gure Etxea (Centro Vasco de General Belgrano)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia