euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lehendakariaren Kanpo Harremanetarako Komisionatu Jose Mari Muñoaren azken agurra atzo Bruselan

2007/11/30

Jose Mari Muñoa
Jose Mari Muñoa

PUBLIZITATEA

Ia hogei urtez izan da 'Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria' Iparraldean eta Europako foroetan. Gurasoak gipuzkoarrak Pauen jaioa, frantsesa berezko hizkuntza du, euskara eta gaztelaniarekin batera, eta horrek, bokazio europarrarekin batera, gauzak erraztu dizkio bere lanean. Lehendakariaren Kanpo Harremanetarako Komisionatua da, eta ALDE (Demokrata eta Liberalen Europaren aldeko Batasuna) talde politiko europarreko bigarren presidenteordea. Atzo esan zituen despedida hitzak Lurralden Batzordeko partaideen aurrean. Izaskun Bilbao eusko legebiltzarburuak bere urtetako lana eskertu zuen atzo Bruselan, honako hitzez: 'Europako ateak zabaldu dizkiozu Euskadiri'.
Jose Mari Muñoak azken aldiz hartu zuen atzo hitza Europako Lurralde edo Erregioen Batzordean. Hamazortzi urte baino gehiagotan 'Euskadiko ordezkaria' izan ostean, erretreta hartzeko momentua heldu zaio, 'jubilatzeko garaia'. Bruselako Euskadiren Ordezkaritzatik luzaroan garatu duen lan eskerga azpimarratzen dute eta aitortzen dute 'bere ahaleginari esker Euskadi errespetatua eta baloratua dela Europan'.

Gisa bertsuan, Muñoaren lana balioetsi eta laudatuz, mintzatu zen osoko bilkuraren hasieran Lurraldeen Batzordeko presidente Michel Delebarre. Delebarrek Muñoaren ibilbidea eta langile porrokatu izaera aipatu zituen, beti ere erregio edo lurraldeen zeregina Europan indartzeko ahaleginean. 'Lurraldeen Batzordeko partaide aktiboenetako bat' izan dela esan zuen.

Hunkidura hitzak

Muñoak, bere aldetik, lurraldeek Europan daukaten partaidetza bizkortu beharra aipatu zuen despeditzeko bere hitzetan, giza eskubide eta balioak gogoan. 'Ohorea' eta 'luxua' izan dela beretzat, esan zuen, Batzordeko osoko bilkura batean lehenengoz euskaraz mintzatu ahal izatea. Esker oneko hitz hunkigarriak izan zituen urte hauetan Batzordean lankide izan dituenentzat, itzultzaileentzat, eta bereziki bere laguntzailearentzat.

Eusko legebiltzarburua eta egun CALRE (Europako lurralde legebiltzarretako presidenteen Konferentzia)delakoko presidente den Izaskun Bilbaok ere, Lurraldeen Batzordean eginiko elkarrizketa egituratuan partaide baitzen atzo Bruselan, Muñoaren ibilbidea eta ahalegina goraipatu zituen, eskerrak emanez 'Europako ateak zabaldu baitizkiozu Euskadiri'. 'Bere lanari esker', esan zuen, 'Europan lan egiteko moduan gaude'.


Lotura interesgarriak

Elkarrizketa Jose Mari Muñoarekin (2006)
Unai Brearen eskutik, Euskonews-en

Europako erakunde batean lehenengo aldiz euskaraz
Berria egunkariak 2005-11-17an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia