Mar del Plata, Argentina. Joan den astean itzuli zen Euskal Herrira Urkullu lehendakaria Argentina eta Txilera eginiko bere bidaia ofizialetik, Argentinan bertako Mar del Platan eginiko 2018ko Euskal Aste Nazionalean parte hartu zuelarik, Eusko Legebiltzarreko Kanpo Harremanetarako Batzordeko ordezkaritza batekin batera. Gaurkora Argentinako euskaldunei lotutako irratigintzan --eta bertako euskaldunei lotutako kazetaritzan orokorrean-- erreferentzia den Paraná-ko Presencia Vasca irratsaiotik saio honetako buru den Federico Borras Alcainek eginiko bi elkarrizketa entzuteko modua ekarri dizugu, bata bestearen ondoko bi asteetan emanak, azkeneko bi igandeetan.
Euskal Astearen saioko elkarrizketan, azaroaren 4an, Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkidea elkarrizketatu zuen. Eta hondarreko igandean, azaroaren 11ean, Urkullu lehendakariari Mar del Platan bertan eginiko elkarrizketa entzun dezakegu. Hona biak.
Azaroko lehenengo igandean emititua Jasone Agirre legebiltzarkidearekin.
Gogoratu noiznahi entzungai daudela urtean zehar interneten Presencia Vasca saioak egiten dituen emanaldiak: saioa zuzenean entzun nahi baduzu, igandetan Argentinan eguerdia denean, hemendik egin dezakezu (sasoi honetan lau orduko aldea dago EHrekin, Argentinan eguerdiko hamabiak direnean Euskal Herrian arratsaldeko lauak dira eta Kalifornian, esaterako goizeko zazpiak) edo noiznahi entzun nahi izan ezkero, saio grabatuak, hemendik egin dezakezu. FM Universidad UTN Facultad Regional Paraná da irratiaren izena.
Presencia Vasca dagoeneko 29 urteko emisio etengabea daraman irratsaioa da, egun zuzendari eta arduradun duen Federico Borras Alcainen aitona Raul Borras-ek sortua. Egun abokatua den Federicok aitonari hartu zion lekukoa eta esan daiteke irratsaioarekin batera hazitako pertsona eta kazetaria dela. Datorren urtean, 30 urte beteko dituztela, ospakizun bereziren bat egikotekotan dabiltza Federico, irratsaioko bere taldea eta Paranáko Urrundik Euskal Etxea, urte askotan Federico bera lehendakari izan duena.