euskal diaspora eta kultura
2011/10/11
PUBLIZITATEA
Vitoria-Gasteiz. Patxi Lopez lehendakariak Bruselan hasi zuen atzo astea, bi eguneko ostera bateko lehenengo egunean, Euskadiren Europar Batasunaren aurreko Ordezkaritzak 25 urte betetzen zituela-eta antolatutako ekitaldietan parte hartzeko eta zenbait kontaktu eta bilera burutzeko europar hiriburuan. Horien tartean tokia egin zion Tolosako Orfeoiak atzo eskaini zuen kontzertura joateari eta ondoren harrera-ekitaldi bat gauzatu zuen Bruselan bizi diren euskal herritarrei eskainia. Bertan egin zituen hitzetan, zorionak eman zizkien bertako euskaldunei, gero eta hurbilago dago eta, esan zuen, auropar hiriburuan euskal etxe bat sortzeko aukera, "aitortza horretarako falta diren tramite administratiboen gainetik, errealitatea baita Bruselan euskal herritarren bilgarri den puntu hori".
Lehendakariak gaur amaituko du Bruselarako bisita, izan ere Erregioen Batzordearen aurrean europar industri politikari buruzko aurkezpena eginez, zenbait bilkura eta kontakturekin batera. Etxera bueltan pausatzeko sobera denbora ez du izango, ostegunean bertan abiatuko baita berriz ere, oraingoan Estatu Batuetara, hilaren 21a bitartean herrialde hartako Ekialdeko Kostako hiri nagusienak bisitatzeko. Bidaiaren helburu nagusienetako bat AEBetan dauden edo egon nahi duten euskal enpresei laguntzea da eta hori dela eta, euskal enpresa arloko ordezkaritza zabala izango du lagun. Lehendakariarekin, Jaurlaritzako ordezkaritza osatuko dute Bernabe Unda Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak eta Pilar Unzalu Nekazaritza eta Arrantza sailburuak.
Bidaiaren helburua euskal eta estatubatuar enpresen arteko harremanak sustatzea eta AEBetan kokatu nahi duten enpresei bidea zabaltzea da. Horrez gain, astebete honetan lehendakaria teknologi-ikerkuntza arloko goi mailako erakundetako arduradunekin bilduko da. Azkenik, lehendakaria New York-eko eta Washington-go euskal gizataldeekin ere izango da.
Eusko Etxea eta Canal Vasco
Bidaiaren egitaraua ostiral honetan bertan hasiko da Dallas-en (Texas), Devon Energy konpainiara egingo den bisitarekin. Ondoren lehendakariak Heyco Energy Group delakoak 'Petroleum Club'-en emango duen harreran parte hartuko du. Larunbatean Lopez New York-en izango da eta han harrera egingo dio euskal komunitateari Brooklyngo Eusko Etxean. Euskal Etxe hau AEBetako zaharrena da eta 2013an Mendeurrena ospatuko du. Topaketa honetan, Canal Vasco telebista katearen aurkezpen bat egingo da.
Igandean bisita egingo du Zero Gunera. Astelehenean, beste zenbait ekitaldiren artean, Lehendakariak Basque Culinary Center-ek eta Culinary Institute of America-k sinatuko duten hitzarmena babestuko du.
Boston eta Washington
New York-etik euskal ordezkaritza Boston-era joango da eta Lopez Massachusetts-eko Gobernadorearekin, Deval Patrick-ekin, bilduko da. Ondoren Progenika euskal enpresak hiri honetan egin dituen bulego eta laborategiak inauguratuko ditu. Eguneko beste hitzorduetako bat Harvard University-n Euskal Herriko 'cluster'-ei buruz egingo den jardunaldian parte hartzea izango da.
Asteazkenean, urriaren 19an, Lehendakaria Washington-era joango da eta han, besteak beste, hitzaldia emango du John Hopkins Unibertsitatean, honako izenburuz “Euskadi: proposamen lokal bat krisialdi globalari irtenbide emateko”. Arratsaldean, 19:30etan, harrera egingo die hiriko ordezkari eta erakundeei. Ekitaldi horretara bilduko dira Washington-go euskaldunak eta hiriko euskal etxe gaztearen ordezkariak.
Urriaren 20ean, ostegunean, Washington-en eta New York-en egongo da Lopez, eta azken hiri honetan euskal nekazal industriako produktuak ezagutzera emateko eta turismoa erakartzeko ekitaldia egingo du. AEBetarako bidaia ostiralean bukatuko da, Trenton hirian Gamesa enpresak duen lantegira egingo duen bisitarekin.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus