euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lehendakariak mezua kaleratu du Bahia Blancako uholdeez; Jaurlaritzak bi ordezkari bidaliko ditu egoera baloratzeko

2025/03/14

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Estatu Batuetarako bidaia ofizialetik iritsi berritan, Imanol Pradales lehendariak ohar bat plazaratu du bere elkartasuna eta Euskadi eta Eusko Jaurlaritzarena adieraziz joan den astean Bahia Blanca hiri argentinarra eta eskualdea urpetu eta hildakoak eta kalte material ugari sorrarazi dituzten uholdeen karietara. Horrekin batera, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiak Bahia Blancak eta bertako euskal etxe eta komunitateak Euskadirekin daukan harreman zuzen etengabea azpimarratu eta bi ordezkari bidaliko dituztela bertara adierazi du "egoera bertatik bertara ezagutzeko eta larrialdiko laguntza bat ematea baloratzeko".

Hona Pradales lehendakariak Bahia Blancako gertakariez hiriko Union Vasca euskal etxeari eta euskal-argentinar komunitateari zuzendutako mezua; eta Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiak, Euskaletxeak atariaren bidez plazaratutako oharra.

Lehendakariaren mezua

Lagun agurgarriok,

Tristura handiz jaso dugu Bahía Blancari eragin dioten eta giza galerak eta material esanguratsuak eragin dituen uholde larrien berri. Euskaditik, gure elkartasuna eta gertutasuna adierazi nahi diegu kaltetutako pertsona guztiei, eta bereziki gure herrien arteko loturak sendotzen hainbeste lagundu duen euskal-argentinar komunitateari.

Sentitzen dugu, baita ere, Bahía Blancako Unión Vasca zentroak jasandako kalteak, gure nortasuna eta kultura ezagutzeko eta transmititzeko gunea. Badakizu euskal gizataldearen  espiritua indartsua eta erresilientea dela, eta espero dugu, gure diasporaren ezaugarri izan diren elkarrekiko laguntza eta elkartasunarekin, une zail hauek gainditu ahal izango direla.

Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiren izenean, gure babes eta adiskidetasunik zintzoena bidaltzen dizkizuegu kaltetutako familia guztiei.

Agur bero bat,

Imanol Pradales Gil
Euskadiko Lehendakaria

Kanpo Harremanen oharra

Argentinako Buenos Aires probintzian dagoen Bahía Blanca hirian, zortzi ordutan 400 milimetro ur erori ziren ostiralean, martxoak 7, urteko batez bestekoaren parekoa. Ondorioz, uholde handiak izan ziren, eta ekaitz horrek, guztira, 16 hildako, milaka ebakuatu eta kalte larriak eragin zituen, ostiraletik aste honen hasierara arte.

Bahía Blancan Argentinako euskal komunitaterik zaharrenetako bat dago. Iaz, bertako euskal etxeak, Unión Vascak, 125 urte bete zituen, eta Argentinako 2024ko Euskal Aste Nazionala jaso eta antolatu zuen. Era berean, Bahía Blancako Euskal Etxeko dantzari batek Gaztemundu programan parte hartu zuen 2024an. 2023an, Euskal Etxeko presidentea Argentinako ordezkarietako bat izan zen, Donostian egin zen Kanpoan diren Euskal Gizataldeen Munduko Biltzarrean.

Beraz, harreman zuzenak izan berri ditugu Unión Vasca Euskal Etxearekin, eta hondamendiak kaltetutako pertsona batzuei aurpegia eta izena jartzen dizkiegu. Hori horrela, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzan gure hurbiltasuna adierazi nahi diegu, eta doluminak eman nahi dizkiegu tragedia honen biktimei, eta Bahía Blancako euskal komunitate osoari gure babesa adierazi nahi diogu. Zuen esanetara gauzkazue.

Aurreratzea, halaber, datozen egunetan Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiaren bi ordezkari ofizial Bahia Blancara joango direla egoera bertatik bertara ezagutzeko eta larrialdiko laguntza bat ematea baloratzeko



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia