Vitoria-Gasteiz. Kolonbian, Urkulluk elkarraldiak izango ditu bertako instituzioekin, herrialdean dauden (70 inguru) euskal enpresen ordezkariekin baita herrialdera berarekin bidaiatuko diren 25 enpresako ordezkariekin ere, astean zehar Eusko Jaurlaritzatik koordinatutako hainbat jardueratan parte hartzeko.
Lehendakaria buru izango den ordezkaritza maiatzaren 29an abiatuko da Bogotara. Urkullurekin batera bidaiatuko dira Arantxa Tapia sailburua; Kanpo Ekintzetarako idazkari nagusi Marian Elorza, eta Industriako sailburuorde Javier Zarraonaindia. Kolonbiako hiriburuan egingo duten egonaldian, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak elkarraldi instituzionalak izango ditu Kanpo Harremanetarako ministro María Ángela Holguín-ekin, eta Merkataritza, Industria eta Turismoko ministro María Claudia Lacouture-rekin.
Enpresa-elkarraldiei dagokienez, batetik, Bake Akordioaren ondoren herrialdean zabaltzen diren aukera ekonomiko desberdinak aztertuko ditu ordezkaritzak. Bestetik, euskal enpresek beren “ezagutza” partekatuko dute Kolonbiako instituzioekin, tartean, besteak beste, Industria Ministerioaren Produkzioaren Eraldaketarako Programarekin (PTP), Procolombia, Innpulsa edo Telekomunikazio Ministerioarekin.
Lehendakariak hitzaldi bat emango du arlo desberdinetako akademikoen aurrean kontinenteko garrantzitsuenetakoa den Javeriana Unibertsitatean. Bakegintzari eta Bizikidetzari lotutako eremuari ere helduko diote Lehendakariak eta Kolonbiako Gobernuak.
Urkulluk elkar ulertze memorandu bat sinatuko du, besteak beste lehiakortasunaren, industriaren, berrikuntzaren eta ingurumenaren arloetan, euskal enpresa gehienak kokatuta dauden Cundinamarcarekin. Eskualde hau herrialdearen hazkundearen eragilea da, Kolonbiako BPGren %30eko partaidetzarekin.
Bertako euskal komunitatearekin biltzea ere jasotzen du programak, elkarraldi bat aipatuz Kolonbiako euskaldunekin eta bisita gidatu bat Bogotako Euskal Etxera, baita honen egoitzaren ondoan kokatzen den “Gernika” muralera ere, izen bereko parkean.
Arantxa Tapia sailburua, Zarraonaindia sailburuordea, Ingurumeneko sailburuorde Elena Moreno, eta IHOBEko zuzendari Jesús Losada eta URAko zuzendari Ernesto Martínez de Cabredo ere ACODAL Nazioarteko 60. Kongresuan arituko dira. Ingurumenaren nazioarteko oraingo agertokian proiekzio handiena duten elkarraldietako bat da kongresu hau, eta maiatzaren 31tik ekainaren 2ra egingo da Indietako Cartagenan. Euskadik protagonismo berezia izango du aurtengo edizioan, Ingurumenaren Euskal Klusterra-ACLIMA elkarraldiaren antolatzailekide baita. Hitzorduan, hainbat herrialdeko (Kolonbia, Frantzia, Espainia, Israel, Estatu Batuak, Alemania, Herbehereak, Hego Korea…) 2.000 inguru pertsonak izango dute aukera eztabaidatzeko eta ekimenak aurkezteko uraren, saneamenduaren, energia berriztagarrien edo hondakinen kudeaketaren inguruan. Euskal ordezkaritzak kongresu honetara ekarri duten helburuetako bat azken hamarkadetan Euskadik ingurumenaren arloan egin duen ibilbidea azpimarratzea da, baita klima-aldaketaren aurkako borrokan ere, eta Europan duen posizio estrategikoa nabarmentzea. Bestalde, Kolonbiako instituzioekin lankidetzan aritzeko bideak ezartzeko asmoa dakar, ingurumena gailentzen ari den sektore ekonomikoa baita gaur egun, negozio berriak sortzeko aukera-iturri bihur daitekeena.
Kolonbia lehentasunezko kide gisa idenfitikatzen da Euskadi 2020ren Internazionalizazio Esparru Estrategian. Lehenengo herrialdea da Hegoamerikan euskal enpresa gehien biltzen dituztenen artean; guztira, merkataritzako, produkzioko eta zerbitzuen sektoreko 69 enpresa daude bertan kokatuta. Lehendakariak funtsezko une batean bisitatuko du Kolonbia, Bake Akordioa sinatu ondoren, hain zuzen ere, sinadurak azkena ematen diolarik 52 urte baino gehiago iraun dituen gerrari, kontuan izanik horrek aukera berriak ekarriko dizkiola Kolonbiako ekonomiari.