Vitoria-Gasteiz. Urkullu lehendakariak bidaia egingo du urriaren 10etik 17ra Japoniara, Tokion antolatu den "Basque Week"en (Euskal Astea) parte hartzera, Euskadi-Japonia programa barruan. Euskadiren eta Japoniaren arteko harremanak ikusarazi eta areagotzea da programa honen helburua eta Euskadi Basque Country sustatzea japoniar herrialdean. Euskal Astea, urriaren 14tik 19ra bitartean egingo da Toshima hirian, Tokio Metropolitarraren erdigunean, eta bi gune izango ditu, "Kalean" eta "Barruan", euskal nortasuna, kultura, kirol tradizionalak, turismoa eta gastronomia ezagutarazteko.
Urkullu Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia lagun bidaiatuko da eta eremu instituzionalean, hainbat topaketa egiteaz gain, Arantxa Tapia sailburuarekin batera, Business Leader Summit-en parte hartuko du, energia sektoreko, eolikoaren zein eta hidrogenoareneko euskal enpresen proiektu arrakastatsuak bertatik bertara ezagutzeko. Era berean, Javier Hurtado sailburuarekin batera, Euskadiko turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko jardunaldietan parte hartuko du, Euskadiko dozena bat turismo-operadore ere partaide. Guztira 40 euskal enpresa, industria-enpresa eta turismo-sektorekoak, joango dira Japoniara.
Euskal Astea
Toshiman urriaren 14tik 19ra egingo den Basque Week-ek Euskadiren aurkezpena egingo du Japoniaren aurrean. Bere baitango "Kalean" jarduera-programa Global Ring plazan kokatua egongo da eta publiko orori zabalik. Barne izango ditu erakusketa guneak eta tailer partehartzaileak, lau gai nagusiren inguruan: kirol tradizionalen praktika, instrumentu tradizionalak (txalaparte, alboka...), sukaldaritza tailerrak eta euskal janari tipikoen dastaketa. Agertoki nagusiak, bestalde, musika emanaldiak eta kirol saioak eskainiko ditu. "Barruan" guneak, berriz, gastronomia sektoreko profesionalei zuzendutako proposamenak bilduko ditu Toshima Civic Center-eko barrualdean.
Euskal eta japoniar musika eta dantza fusio ikuskizun batek inauguratuko du urriaren 13an Euskal Astea Toshima Civic Center-en.
- Tokioko Basque Week: www.basqueweek.jp