Gernika-Lumo, Bizkaia. Seigarrenez ospatu da aurten irailaren 8an, Euskal Diasporaren Eguna. Aurrekoetan bezala, Diasporari bereziki lotutako herri eta eskualde batean, oraingoan Gernikan, egin da, bertako Euskal Herria Parkean, Gernikako Arbolaren parean, helburua Diasporaren ospakizuna Euskal Herriaren bihotzean kokatzea, edonongo euskaldunek elkarrekin ospatzeko eta goratzeko Diasporaren egitatea, eta euskaldunek eta euren ondorengoek, nonahi egonik, Euskal Herriari egin dioten eta egiten dioten ekarri aberatsa.
Ekitaldia sarrera librekoa zen eta agintari, ordezkari eta administrazioko kideekin batera Diasporako eta Diasporari lotutako hainbat jende bildu zen. Zuzenean zabaldu zen mundu osora streaming bidez, eta ekitaldia osorik ikusi nahi duenak, artikulu honen amaieran ipini dugun bideoan ikus dezake. Aurtengoan, keinu berezi bat egin zitzaien Australiako euskaldunei, Gernika eta ingurua euskal-australiar askoren sorleku eta jatorri izan baitzen, gaur egungo Euskal Australiar Alkartearen egoitza, eta Euskal Herria Museoa baita Euskaldunen Australiari eskainitako erakusketa baten abegilekua ere.
Antzerkia, kantua, bertsoa...
Xabier Euzkitzek aurkeztua, ekitaldia antzezpen batekin hasi zen, "Mundu bat inguruan", Agurtzane Intxaurragak idatzia eta alderdi artistikoan Gernika bertako Gaudeamus abesbatza izan zuen partaide. Lehendakariaren solasaren aurretik, zenbaitek hartu zuten mikroa, tartean Diasporan ibilitako Ireneo Ajuria eta Jon Enbeitak eta euren bertsoek, eta ohi bezala berba sano eta gaiari lekukotasunez lotuak bota zituen Amaia Urbueruaga Euskal Australiar Elkarteko buruak.
Gernikako Arbola atzean, lehengo eta egungo gazteen emigrazioari buruzko antzezlana
Abesbatza kantari, dantzariek Aurreskua dantzatu zuten agintarien eta publikoaren aurrean
Euskal Australiar Alkarteko lehendakari Amaia Urberuagaren lekukotasuna
Jon Enbeita eta Ireneo Ajuria. Ajuriak bere bizitzako 20 urte pasatu ditu munduan bueltaka
Iñigo Urkullu lehendakaria bertaratukoei eta streaming bidez ikusten ari zirenei zuzendu zitzaien
Ekitaldia amaitzean, Argentinatik EHra bizitzera etorri berria den Mariángeles Oñederrak "Narraciones de la diáspora vasca" liburuaren bi ale eman zizkion Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez-i, Diasporaren Artxiborako
Hantxe bertan, Euskal Herria Museoan, erakusketa interesgarria zabaldu zuten Australiako euskaldunei buruz. Bisitagai dago goiz eta arratsalde. Larunbatetan doanik
Erakusketako ikuspegi bat, Australian euskal emigrazioa jasotako herrietako batzuen izenekin
Bideoa ekitaldi osoarekin (Lehendakariaren hitzak azkeneko 10 minutuetan)