Vitoria-Gasteiz. Lehendakariarekin batera bertaratuko dira Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Leyre Madariaga Kanpo Harremanetarako zuzendaria eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Álvarez Aranburu. Eusko Jaurlaritzak Argentina-Mercosurren eta Txile, Peru eta Kolonbian dituen ordezkarien babesa ere izango du, Sara Pagola eta Rafa Kutz hurrenez hurren.
Buenos Aires hirian, memoriaren kulturaren alorrean, Lehendakariak ESMA (Armadaren Eskola Mekanikoa) Memoriaren Lekua Museoa bisitatuko du. Memoriaren eta giza eskubideen leku horrek xedea du diktaduraren biktimak gogoratzea (1976-1983) eta gizartearen aurkako krimenak salatzea.
Asteazkenean lore-eskaintza bat egingo du Argentinako lehendakariaren egoitza den Etxe Arrosa ondoan, bertan 1919tik hazten den Gernikako Arbolaren kimuari, Juan de Garay Plazatxoan. Eremu hau azken urtebetean berritu eta eraldatu egin dute eta leku egokian atxiki dute euskal ikono honen lekua Buenos Airesen bihotzean. Segidan, iluntzeko zortzietan, Urkulluk harrera-ekitaldia eskainiko die Argentinako euskal gizataldeari eta bere erakunde ordezkariei.
Ostiralean, azaroaren 2an, lehendakaria buru duen ordezkaritza Mar de Plata hirira joango da, bertan egingo baita 2018ko Euskal Aste Nazionala, hiriko Denak Bat Euskal Etxeak 75 urte betetzen dituen urtean. Bertan, Latinoamerika eta Karibeko euskal etxeen ordezkariek egingo duten Mundu-Biltzar arteko eskualde-bilkuraren itxieran hartuko du parte. Baita biharamunean FEVA euskal etxe argentinarren bilkuran ere, eta arratsaldez, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko parlamentari-taldeen ordezkariekin batera Argentinara emigratu zuten euskaldunei Jesus de Galindez Paselekuan egingo zaien omenaldian.
Euskal Asteko beste ekitaldi batzuetan ere hartuko du parte, euskara praktikatzeko antolatu den Mintzodromoan esaterako iragarri du partaidetza, oro har larunbateko eta igandeko bateko eta besteko ekintzetan.
Argentinatik, ordezkaritzak Txilera bidaiatuko du. Bertan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunak protagonismo berezia izango du Urkulluren agendan. Bidaiaren egun horietan, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendari nagusia batuko zaio ordezkaritzari, eta aurreikusi da lehendakariak akordio bat sinatzea Isabel Plá Emakumearen eta Genero Berdintasunaren ministro txiletarrarekin. Emakundeko zuzendari nagusiak, bestalde, akordioa sinatuko du Familien Fundazioarekin (fundazio hori herrialdeko presidentetzaren fundazio-sarearen parte da).
Hau Urkullu lehendakariak legegintzaldi honetan atzerrira egiten duen zazpigarren irteera. Hauteako bakoitzen herrialde bakoitzeko euskal gizataldeekin eta euren ordezkariekin batzen ahalegin du da. Bisitaldi ofizial hauekin, Eusko Jaurlaritzak, lehendakaria buru dela, Basque Country estrategia kanpoan proiektatzen jarraitu nahi du, eta, horretarako, topaketa instituzionalak, politikoak, ekonomikoak eta kulturalak egingo ditu, eta beste herrialde batzuekin itunak sinatuko ditu, adierazi dute Jaurlaritzatik.