euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lehenengo Batzordea osatu zueneko I. urtemugan, berri onak Puerto Madryngo ‘Etorritakoengatik’ EEtik

2012/06/07

Etorritakoengatik euskal etxeko dantzariek euskal gizataldea ordezkatu zuten maiatzaren 25eko hiriko kabalkadan (argazkia EE)
Etorritakoengatik euskal etxeko dantzariek euskal gizataldea ordezkatu zuten maiatzaren 25eko hiriko kabalkadan (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Arrazoi ugari izan dute Chubut probintzia patagoniarreko Puerto Madryn hiriko euskaldunek euren erakundearen lehenengo urtebetetzea ospatzeko. Urteurrena bera garrantzi gutxiko motiboa ez bada, beste berri eta nobedade onekin ekin diote Etorritakoengatik-ekoek euren elkartearen bigarren urteari. Alde batetik, eta egoera ofizialari dagokionez, izaera juridikoa lortu du euskal etxeak maiatz hasieran. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzaren onarpena izateko izapideak bideratu ditu. Bestalde, eta eguneroko ekintzei dagokienez, euskal dantzez aparte euskal sukaldaritza eta pilota ere garatuko dira aurrerantzean Puerto Madrynen euskaldunen eskutik.

Puerto Madryn, Argentina. Duela urtebete jaio zen Puerto Madryngo Etorritakoengatik euskal etxea. Dena den, eta erakundeko lehendakari Nicolas Fagoagak azaldu bezala “2011ko apirilaren 30ean lehenengo Zuzendaritza Batzordea osatu bazen ere, ezin dugu ahaztu Maria Julia Ercorecak egindako aurreko lana. Bera izan zen 2007an Puerto Madryngo euskaldunak biltzen hasi zena eta euskal etxearen oinarriak ezarri zituena”. Gogora dezagun Etorritakoengatik-eko Batzordea osatu eta hilabete batzuk geroago Maria Julia Ercoreca erakundeko sortzaile eta lehendakaria hil zela, tupustean, 2011ko abuztuaren 10ean.

Euskal etxearen hazia, ordea, jadanik ereinda zegoen eta hiriko euskaldunek jaio berria zen instituzioa zaintzeko konpromisoa hartu zuten. Hiri patagoniarreko euskaldunek euren buru zenaren galerari ahal bezala eutsi eta urtean zehar hainbat ekitalditan hartu zuten parte.

Etorritakoengatik-en I urtemuga 2012 01

[Etorritakoengatik euskal etxearen lehenengo urtemugaren bazkaria (argazkia EE)]

Eta kemena eta adorea ez da gutxitu 2012 honetan. Are gehiago, urte hasieratik hona garrantzi handiko urratsak eman dituzte Etorritakoengatik-eko partaideek. Hasteko, apirilaren 30ean bertan, bazkari bat antolatu zuten urtebetetzea ospatzeko. Kide anitz bildu ziren, tartean euskal etxearen sortzaileak, laguntzaileak, dantzariak eta dantzarien ahaideak.

Aldi berean, bi Azpibatzorde berri sortu dira erakundeko Zuzendaritza Batzordearen baitan: Sukaldaritzarena, Eva Odriozolaren ardurapean, eta Pilotarena, Andres Elorriagarenean. Bi arduradunak erabat murgilduta dabiltza euren eginkizun berrietan. Sukaldaritza taldeak dilistak eta tripakiak prestatuko ditu hilean behin, saltzeko. Pilota eskolan, berriz, astero biltzen dira  adin guztietako neska-mutiko pilotariak, Puerto Madryngo Ferro Klubean.

Etorritakoengatik-en I urtemuga 2012 02
[Etorritakoengatik euskal etxearen bi proposamen berriak: sukaldaritza taldea eta pilota eskola (argazkiak EE]

Dantzariak ere lan handia ari direla egiten behar da aipatu. Azkenaldian, gainera, Necocheako Euzko Etxea-ko dantza irakasleak Puerto Madrynera bertaratu dira bertako neska-mutilekin entsaiatzera. Gutxienez bi emanaldi garrantzitsu izango dituzte aurten Etorritakoengatik-eko dantzariek: irailaren 29ko San Migel ospakizunean, eta Rosarioko Euskal Astean. San Migel festari dagokionez, gainera, Etorritakoengatik-eko lehendakariak jakinarazi digu Necocheako euskal etxeko kideak gonbidatuko dituztela jaian parte hartzera. “Eskatu genien gure euskal etxe babeslea izatea eta baiezko erantzuna eman ziguten. Eurekin, saiatuko gara Otxotea eta dantza taldea ekartzen San Migel jaira”, adierazi dio Fagoagak EuskalKultura.com-i.

Izaera juridikoa

Eta dudarik gabe honako berri hau garrantzitsuenetakoa izango da aurtengoen artean. Maiatzaren 3an eta 3580 zenbakiko ebazpenarekin Chubut probintziako Justizia Ikuskaritza Orokorrak izaera juridikoa eman dio Etorritakoengatik euskal etxeari. “Oso pozik jarri gaitu berriak. Orain Eusko Jaurlaritzaren onespena jasotzeko beharrezkoak diren dokumentuak prestatzen ari gara, Diasporako beste euskal etxeen baldintza beretan aritu ahal izateko”, azaldu digu ‘Katxin’ Fagoagak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia