euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lege nortasuna lortu berria duen Patagoniako 'Hegoalde Argentinarra' EEk Zine eta Pintxoak saio batera deitu du

2007/08/14

Martin Arizmendi da Argentinar Patagoniako Santa Cruz probintzian kokatzen den 'Hegoalde Argentinarra' izeneko Euskal Etxeko lehendakaria
Martin Arizmendi da Argentinar Patagoniako Santa Cruz probintzian kokatzen den 'Hegoalde Argentinarra' izeneko Euskal Etxeko lehendakaria

PUBLIZITATEA

Emeki emeki, joan urteko uztailaren 27an egin zuen bilkura eratzailean finkatutako helburuak lortzen ari da Argentinako Patagoniako Santa Cruz probintzian lanean ari den 'Hegoalde Argentinarra' (sic) izeneko euskal etxea. Munduan hegoaldeen dagoen euskal etxe honek lortu berria du lege nortasuna eta horrek bidea zabalduko dio FEVA edo Argentinako Euskal Erakundeen Federazioko kide bilakatzeko eta baita ere Eusko Jaurlaritzaren aurreko onespena lortzeko. Euskal etxe berak, bestalde, deialdia luzatu du bihar bertan bilkura prestatzaile bat egin eta abuztuaren 25ean, larunbata, 'Zine eta Pintxoak' ekimeneko saio berri bati ekiteko.
Martin Arizmendi buru duen euskal etxe honek ekainaren 29an egin zuen bere azkeneko ospakizun publikoa eta ehundik gora pertsona bildu zituen, haien aurrean eginiko hitzetan Arizmendik azpimarratu zuelarik Hegoalde Argentinarrak ekarpena egin nahi duela 'Euskal Ama Aberriaren balore, tradizio, hizkuntza eta berrien hedatzean'. Iragarri zuen orduan berehala lortzekotan zirela lege nortasuna eta halaxe izan da; beraz, orain, lege onarpena eskuetan, hurrengo pausoa FEVAko bazkide bilakatzea izango da, eta horrekin batera, paperei dagokienez, Eusko Jaurlaritzaren aurrean euskal etxeen erregistro ofizialean sartzeko bidea egitea, lan-esparru izango dituen alor guztietan erakunde gisa behar bezala onetsia izatea alegia.

Hau guztia xehetasunez azalduko zaizikie euskal etxeko bazkide eta lagunei Hegoalde Argentinarrak hilabete honetarako iragarri dituen bi hitzorduetan, hala nola lehena bihar bertan, asteazkenez, Río Gallegoseko Los Vascos tabernan, Santiago del Estero eta Roca kaleen gurutzean, gaueko zortzietan. Lehenengo bilera hau bigarrena --'Zinea eta Pintxoak' sortako saio berri bat-- prestatzeko izango da. Martin Arizmendi lehendakariak txostena aurkeztuko du eta lege nortasunaren eta beste hainbat berrien inguruko jakingarriak adieraziko ditu.

'Zinea eta Pintxoak' ekimenari dagokionez, sorta horretako aurrekoen egitura izango du. Kasu honetan Roberto Arizmendiren 'Gora Vasco! Milonga de temple y carretilla' filma eskainiko da. Deialdiaren xehetasunak hauexek dira: gaueko bederatzi t'erdietan, 9 de Julio kalearen 316an, sarrera hamar peso. Antolatzaileek euskal jatorrizkoei zein oro har euskaldunei buruz gehiago jakin nahi dutenei luzatu diete bertaratzeko deia. Euskal Etxeaz informazio gehiago eskuratu nahi dutenek, aski dute hona e-maila idaztea.


Lotura interesgarriak

Durango, Gora Vasco! filmaren estreinatze europarra
2006ko azaroaren 24an EuskalKultura.com argitara emana

'Hegoalde Argentinarra'-ren bilkura eratzailea, orain urtebete
2006ko abuztuaren 14an EuskalKultura.com argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia