Marcos Paz, Argentina. Marcos Pazeko ‘Zuhaitzaren Herria’ Euskal Etxeak udaleko dirulaguntza jaso du lege izaera lortzeko egin behar diren izapide gastuei aurre egiteko. Etxeko erreferente den Martin Garitonandiak azaldu digunez, “udalak laguntasuna eman ohi die bertako elkarteei beren egoera legeztatzeko; bultzada ona da, dirua emateaz gain, aholkuak ere eman dizkigutelako. Guk derrigorrezko izapide guztiak eraman ditugu La Platara [Buenos Aires probintziako hiriburua], beraz laster atera behar du”.
Behin lege izaera lortuta, egoitza hasiko da eraikitzen Euskal Etxea. “Udalak komodatoan utzitako lursailean 60 pertsonentzako lokal bat eraikiko dugu. Hori baino lehen, hobetze lanak ere egin beharko ditugu lekuan, eta ziur gaude aurten egin ahal izango ditugula”.
2019 urte honetako bigarren seihilabetealdirako ekintza kulturalei dagokienez, Marcos Pazeko Euskal Astea antolatuko du Euskal Etxeak irailean eta, urte amaieran, herriko Immigrantearen Jaian hartuko du parte. “Aurten egoitzarena eta bi ekintza hauek egiten baditugu, poz-pozik bukatuko dugu urtea”, adierazi dio EuskalKultura.com-i Garitonandiak.