Dantza eskola Mariano Andoni Azcarate La Platako dantzariaren esku egon da eta Euskal Herriko erritmoetan interesa duten lagun ugari bildu ditu. Hau eta hau bezalako beste ekintza batzuk hasia da prestatzen Buenos Aires probintziako herri honetan sortzen ari den euskal etxe gaztea, izaera juridikoak ematen dion estatus berriari esker. Buruan daukan hurrengo pauso logikoa, Eusko Jaurlaritzaren aurreko onarpena eskatzea, munduko euskal etxeen zirkuituan eskubide eta betebehar guztiekin sartu ahal izateko.
General Belgrano, Argentina. Dantzaren Nazioarteko Egunaren baitan egin zituzten dantza erakusketa eta klase irekia Buenos Aires probintziako Gral. Belgranoko Euskal Etxeko lagunek. Ekitaldia ‘Ana Clara Dominguez’ Dantza Eskolan izan zen eta saioa egitearen ardura Mariano Andoni Azcaratek bereganatu zuen. Gogora dezagun Azcarate dantzaria ez ezik, La Platako Euzko Etxeko dantza taldeen zuzendaria ere badela.
Adin guztietako lagun talde polit batek hartu zuen parte klasean eta mota askotako dantzak aurkeztu zituen irakasleak. Dantza egiteko momentuan, ordea, hasi berrientzako pausoak eta dantza biribilak irakatsi zituen gazte laplatatarrak.
Baina beste bi berri garrantzitsu ere baditu Gral. Belgranoko Gure Etxea-ko talde sortzaileak. Batetik egoitza propioa lortu berri duela, elkarteko batzordekide duen Carricaburu Jaunak utzitako etxe batean. Bestetik, apirilean izaera juridikoa lortu duela.
Orain, euskal etxearen lege-izaera eskuetan, hainbat ekimen garatzeko planetan da, hala nola pilota eta sukaldaritza tailerrak, kultur hitzaldiak, zine zikoa... Dantza klaseei dagokienez, Ana Dominguezen eskura daude.
Gure Etxea-ko Zuzendaritza Batzordea honakoek osatzen dute:
-Lehendakari: Joty Mayoz
-Lehendakariorde: Hector Carricaburu
-Idazkari: Sonia Etchelet
-Diruzain: Hugo Mandagaran
-Kontu ikuskatzaile titularrak: Ana Lia Carricaburu, Guillermo Gorostiague
-Batzordekide titularrak: Emilia Arredondo, Dora Alberro, Elisa Bigres
-Batzordekide ordezkoak: Laura Arredondo
Facebook bidez kontakta daiteke elkarte berriarekin, Gure Etxea (Centro Vasco Gral Belgrano) izenpean dagoen kontuan.