euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lee Mingwei artista taiwandarrak Picassoren 'Guernica'-ren hareazko kopia egin du Australiako Brisbane hirian

2008/05/05

Lee Mingwei Londresen egin zuen hareazko Gernika sortzen 2006an
Lee Mingwei Londresen egin zuen hareazko Gernika sortzen 2006an

PUBLIZITATEA

Brisbaneko Queensland Art Gallery aretoan ikusgai dago joan den larunbataz geroztik Lee Mingwei taiwandar artistak egin duen Picassoren 'Guernica' margoaren hareazko kopia bat. Erakusketa Gernikako bonbardaketaren 71. urteurrenarekin batera etorri da eta zalantzarik gabe oso berezia izango da inguru hauetako euskaldunentzat (Townsville-ko North Queensland Basque Club euskal etxearen inguruan antolatuta). Datorren ekainaren 9an artistak bere lana desegingo du eta ikusleei ere ekintza katarkiko honetan parte hartzeko gonbitea luzatuko die.
Lee Mingwei artistak joan den larunbatean aurkeztu zuen Brisbaneko Queensland Art Gallery aretoan Picassoren 'Guernica' margoari eskainitako omenaldia. Bere lana 14 metroko luzera duen 'Guernica'-ren hareazko kopia bat. 'Gernika' izenburua du, herri bizkaitarraren euskal grafia errespetatuz, eta egiteko 750 ordu eta 14 kolore desberdineko harea erabili dute Mingweik eta bere laguntzaileek. Sei astez egongo da ikusgai galerian eta ondoren ekainaren 9an, Mingwei hirira bueltatuko da bere lana desegiteko. Aurretik, Londresen eta Chicagon egin zuen bezala, ikusleei ere parte hartzeko gonbitea luzatuko die.

Lehenik, Mingwei bere lanaren gainean oinez ibiliko da, hausnarketa eginez. Aurreko aldietan artista negarrez ere hasi omen da momentu berezi honetan. Ondoren ikusleei lana desegiten laguntzeko eskatuko die. Egilearen esanetan oso esanguratsua da jendearen jarrera, batzuk lotsati, besteak hunkituta eta beste zenbait zentzugabe. 'Sarraskiaren margo izugarriaren atzean dagoen istorioari buruz dakitenaren araberakoa izaten da erantzuna', azaltzen du. 'Tentsioa handia da, sorkuntza eta txikizioaren arteko talka delako'.

'Guernica'-k hunkituta

Mingweik 42 urte ditu eta Taiwanen jaioa da. Berak aitortu duenez Picassoren 'Guernica', bizitzan ikusi zuen mendebaldeko lehenengo margoa izan zen, bere familiarekin irla utzi zuenean, eta zur eta lur utzi omen zuen. Egun artista denak 12 urte baino ez zituen. 'Ez nekien nola interpretatu', azaltzen du. 'Taiwanen artea oso tradizionala zen, Song eta Tang dinastiatakoa, eta horrelako zerbait ikustea hunkigarria izan zen. Nola baitara dezake arteak hainbeste emozio?, pentsatu nuen'.

Artista ezaguna da bere arte esperimentalarengatik eta hainbat proiekturen artean gizonezko baten haurdunaldia eta erditzea irudikatu ditu. Berak aitortzen duenez, urte asko eman zituen Picassoren lanari erantzun egokia emateko moduaren bila. Queensland Art Gallery-ko zuzendari Tony Ellwoodek prentsari azaldu dionez, 'Mingweiren hareazko Gernikak irudi ikoniko bat darabil, ikusleei gonbitea luzatzeko, guda bezalako prozesu suntsitzaileen aurrean dugun erantzunari buruzko hausnarketa egin dezaten'.


Lotura interesgarriak

Erakusketari buruzko datu gehiago
Queensland Art Gallery

Artistaren webgunea
www.leemingwei.com

Basque Club of North Queensland
www.basqueclubnq.com

Townsvilleko Euskal Etxea Cultural Fest'07 jaialdian
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko irailaren 12an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia