euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lazarraga familiari buruzko liburua aurkeztu du Gervasio di Césarek Txileko hainbat euskal etxetan

2013/02/19

Rossana Arza, Txileko Euskal Elkarteko presidentea, Gervasio di Césarerekin batera
Rossana Arza, Txileko Euskal Elkarteko presidentea, Gervasio di Césarerekin batera

PUBLIZITATEA

Jatorri arabarreko Gervasio di Césare genealogista argentinarrak “Historia y genealogía de los Lázarraga” (Lazarragatarren historia eta genealogia) liburua aurkeztu du Txileko hainbat hiritan. Pasa den urtarrilean Viña del Marreko Eusko Etxean izan zela aipatu genizuen, Txileko zazpi presidente ohiren arbaso euskaldunei buruz hizketan; horrez gain Vicuña Mackenako Eusko Etxean eta Santiagoko Txileko Euskal Elkartean izan da, non antolatzaileek jardunaldia arrakasta itzela izan zela azpimarratu duten.

Santiago, Txile. Irailean argitaratu zen “Historia y genealogía de los Lázarraga” liburuaren harira hainbat bisita egin ditu Txilen zehar.  Liburuan, Di Césarek Araban eta Gipuzkoan hain garrantzitsua izan zen izen handiko familia arabarraren historia kontatzen du. Horien artean, diputatuak, alkateak edota erregimen zaharreko funtzionarioak zeuden, ezagunenak Juan Pérez de Lazarraga, euskal literaturaren aitzindarietako bat, eta Juan López de Lazarraga kontularia izanik.

Horrez gain, lanak Lazarraga familiako ondorengo familia eta pertsona nagusiak aipatzen ditu: Euskal Herriko 57 diputatu nagusi edota Espainiako eta Euskal Herriko nobleziako familiak. Adarrak Amerikaraino iristen dira, Txileko historiako izen handiko familia eta pertsona asko Lazarragatarren ondorengo baitira, herrialdeko zenbait presidentek osatzen dute zerrenda, besteak beste: Emiliano Figueroa Larraín, Federico Errázuriz Zañartu, Federico Errázuriz Echaurren, Germán Riesco Errázuriz, Arturo Alessandri Palma, Jorge Alessandri Rodríguez eta Sebastián Piñera Echenique, Di Césareren arabera.

Hori dela eta ekin zion Di Césarek birari Txilen zehar eta hiru euskal etxeak bisitatu ditu urtarrilean: 15ean Los Condeseko Estadio Espainoleko liburutegian izan zen, Txileko Euskal Elkarteak antolatuta; hurrengo egunean Santiagoko Eusko Etxea bisitatu zuen eta hurrengoan, Quinta Regioneko Euskal Etxea, Viña del Marren.

Txileko Euskal Elkarteak antolatutako hitzaldia oso arrakastatsua izan zela esan dute antolatzaileek, jende asko erakarri baitzuen Los Condeseko Estadio Espainoleko liburutegira, Rossana Arza Pizarrok zuzentzen duen elkartearen jardueren ohiko bilkura tokia.

Izenburua: Historia y genealogía de los Lazarraga
Autorea: Di Cesare, Gervasio
Orrialdeak: 570
Hizkuntza: Español
Prezioa: 45,00 €
ISBN: 978-84-616-0317-6
Argitaratze data:  2012ko iraila
Editoriala: Autoedizioa



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia