Boise, AEB. Idahoko gobernadore Brad Little-k Boiseko Lauren S. Necochea demokrata izendatu du abenduko bigarren hamabostaldian estatuko 'House of Representatives' edo Ordezkarien Ganberako kide izateko 19. barrutiko ordezkari, beste demokrata batek, Mathew Erpelding-ek, hutsik utzitako eserlekua betez, Idahoko legeek honelako kasuetarako ematen dioten botereei jarraiki. Abenduan hasi eta datozen hauteskundeak arte (2020ko azaroa) izango da estatuko kongresukide Lauren Necochea.
Abizena senarrarengatik hartua duen boisetarra da Lauren Necochea, senarra berez jatorri perutarrekoa izanik, eta familian atzerago nafarra, azken puntu honi buruz Idahoko Ordezkarien Ganberako kide berriaren xehetasun gehiago ez dugularik.
Gogora dezagun, dena den, Necochea deitura, euskal jatorriko deitura izateaz gain, Argentinako kostaldeko hiri ezagun baten izena dela. Hiriak Mariano Pascual Necochea Soraza generalarengandik (Buenos Aires, 1792 - Lima 1849) jaso zuen izena. Honen aita, Casimiro Francisco Necochea, Nafarroako Urzainkin jaio eta Argentinara mugitutako merkatari bat izan zen. Marianoren beste anaia bat, Eugenio Necochea, Txileko Armadako generala eta Kongresu txiletarreko diputatu izatera iritsi zen. Mariano bera Argentina eta Txileko generala izateaz gain Peruko Mariskal Handia izan zen, azken herrialde honetan lurperatuta egonik.