euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Laurehun bat lagunek hartu zuten parte Patagoniako Puerto Madryn-eko 'Aralarko San Migel' euskal jaian

2008/10/09

Puerto Madryn-eko euskal komunitateko ordezkariak hiriko agintariak agurtzen (argazkiak Colectividad Vasca de Puerto Madryn)
Puerto Madryn-eko euskal komunitateko ordezkariak hiriko agintariak agurtzen (argazkiak Colectividad Vasca de Puerto Madryn)

PUBLIZITATEA

Aralarko San Migelen omenez egindako lehendabiziko jai hau Puerto Madryn-eko euskal komunitate antolatu berriaren lehen arrakasta izan da, baina taldekoak gauza asko egiteko gogotsu datoz. Duela urte bete taldeko aintzindarietako batekin hitzegin zuen EuskalKulturak, María Julia Ercorecarekin. Jatorriz Maipú hirikoa da Ercoreca, baina berak zioen bezala, “Puerto Madryn-era heldu naizenetik, hemen bizi den euskal komunitatea antolatzeko gogo eta kemenez gainezka nabil”. Euskal etxe bat sortzea lan gogorra dela jakin arren, María Juliak 'gustuko lanak, aldaparik ez' atsotitza lelo gisa hartu eta oztopo guztiei aurre egitea erabaki zuen. Gaur egun, urtebete pasa eta gero, euren ahaleginaren fruitua begi bistan dago: laurehun bat pertsona –-tartean Maipu eta Necocheako taldeak-- izan ziren Puerto Madryn-eko lehenengo 'Aralarko San Migel' euskal jaian.

Puerto Madryn, Argentina. San Migel ospakizuna irailearen 13an, goizeko 10:30etan hasi zen, argentinar Patagoniako hiriko San Martin plazan. Han, euskal komunitateko ordezkariek hiriko agintariei agurra egin zieten, lore sorta bat eskainiz. 11etan kalejira luze bat abiatu zen El Portal merkatal-gunera eta bertan hirira heldu ziren lehen euskal herritarrei omenaldia egin zieten antolatzaileek. Lekua Argentinako banderaz eta ikurrinaz apainduta zegoen eta han bildutakoen aurrean lehen euskal inmigrante haietako baten alabak hitzaldi hunkigarria eman zuen.

Aralarko San Migel 2008 (1)
[Maria Julia Ercoreca eta Puerto Madryneko agintaritzako idazkaria, Jorge Andurell, 'Etorrikoengatik' dantza taldeko neskatilei lore eskaintza egiten laguntzen, Patagoniako herri honetan egiten den lehen Aralarko San Migel euskal jaian (Argazkiak CV Puerto Madryn)]

Aralarko San Migel 2008 (2)

[Puerto Madryneko euskal kolektibitateko kideak Necocheako Euskal Etxeko dantza taldearekin]

Horren ondoren musikaren tartea heldu zen, Maipu-ko Anaitasuna Euskal Etxeko soinujole Fabián Maya, Necochea-ko trikitilariak eta Otxote Osasuna"-ko abeslariekin. Zuzeneko musika honekin Madryne-eko "Etorritakoengatik" dantza taldeak lehen emanaldia eskaini zuen, taldea osatzen duten dantzari txiki eta ertainen gozamenerako. Omenaldiarekin bukatzeko, txikiek abestu egin zuten eta oroigarriak oparitu zizkieten omenaldia jaso zuten komunitateko nagusiei.

Aralarko San Migel 2008 (3)
[Puerto Madryn-eko dantzari txikiak kantari Aralarko San Migel jaiaren ekitaldi batean. Soinujolea Fabián Maya da, Maipuko Anaitasuna euskal etxekoa]

Baina ospakizunak eta jaia ez ziren han bukatu, izan ere, gau luzea eta giro aparta izan zuten Madryn-eko euskaldunek. Jaian parte hartu zuten lagun guztiak bildu eta afaria egin zuten 710. eskolako aretoan (urte osoan zehar dantza entseguak egin zituzten leku berean). Afaldu baino lehen, euskaldunak Argentinara nola heldu ziren irudikatzen zuen antzerki moduko aurkezpena egin zuten eta ondoren Puerto Madryn, Maipu eta Necochea-ko taldeek dantzaldia eskaini zuten.

Aralarko San Migel 2008 (4)
[Euskal inmigranteak Argentinara heldu zireneko antzerki irudikapena, Puerto Madrynek San Migel jaian]

Aralarko San Migel 2008 (5)
[Puerto Madryneko lehenengo San Migel jaia bertara bildu ziren 400 bat lagunentzako afari batekin bukatu zen, giro ederrean]

Bukatzeko, eta jaian nagusi izan ziren giro on eta umorearekin, ustekabeko ikuskizuna prestatuta zeukaten antolatzaileek: “Txikis XXL” dantza taldea, txikien gurasoek osatua. Algara eta irripar artean, dantzari 'txiki' hauek polka bat eta kalejira egin zituzten. Jaia ordu txikietan, goizeko bostetan, bukatu zen.

“Jaira etorri ziren gehienek asko disfrutatu zuten  eta hunkitu ere bai, askorentzako horrelako zerbait ikusten zuten lehen aldia zelako”, azaldu zion Ercorecak Euskalkultura.com-i. "Inpresioa oso indartsua izan da eta orain jendaren iruzkinak jasoptzeko garaia da, bide arrakastatsu honetan jarraitu ahal izateko”.

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia