euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Laurak Bat Euskal Etxeak, Argentinako zaharrenak, bere sorreraren 130. urteurrena ospatzen du aste honetan

2007/08/02

Pablo Favrat dantzaria ohorezko aurreskua eskaintzen Laurak Baten urteurreneko aurreko ekitaldi batean (argazkia EuskalKultura.com)
Pablo Favrat dantzaria ohorezko aurreskua eskaintzen Laurak Baten urteurreneko aurreko ekitaldi batean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Besta da nagusi egunotan Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxean. Munduan egun dauden elkarteen artean zaharrena da Laurak Bat eta aurten bere sorreraren 130 urteak betetzen dira. Data garrantzitsua behar den moduan ospatzeko elkarteak aste beteko ekitaldi sortari hasiera eman zion asteartean, San Inazio eguneko mezarekin. Gaur Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntz Politika sailburuordeak mintzaldia eskainiko du eta datozen egunetan dantza, musika eta lagunarteko giroaz gozatzeko makina bat aukera izango da Laurak Baten.
Laurak Bat Euskal Etxea bere 130. urtemuga ospatzen ari da aste honetan. Joan den asteartean hasi zituzten ospakizunak Laurak Bateko kideek, San Inazio, elkartearen patroiaren ohorezko mezarekin. Gaur arratsaldean Patxi Baztarrika, Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordea, eta Lorea Bilbao, Kultura saileko aholkularia Laurak Bateko egoitzan izango dira eta 'Euskadi: Debates para el Futuro' izenburudun mintzaldia eskainiko dute. Ekitaldia 19:00tan hasiko da, Laurak Bateko Amorrortu aretoan.

Bihar, ostirala, hitzordua kirolaren ingurukoa izango da eta Laurak Bateko trinketea bihurtuko da topaleku. Bertan pilota erakustaldia eskainiko dute elkarteko pilota eskolako ikasleek. Alde batetik txikiek urtean zehar ikasitakoa erakutsiko dute euren partidetan, eta gero nagusiek pare bat modalitatetan jokatuko dituzte partidak, eskuz eta paletaz hain zuzen. Erakustaldiak 18.30tan hasiko dira, Laurak Bateko trinketean.

Dantza eta koru anaitasun ekitaldia

Larunbatean jai giroa Félix Bernasconi Institutuko Auditoriora zabalduko da, bertan egingo delako dantza eta koru taldeen anaitasun ekitaldia. Partehartzaileen artean Lagun Onak Korua eta Acción Vasca eta Emakume Abertzale Batzako dantzariak egongo dira. Beraiekin batera inguruetako hainbat euskal etxetako dantza taldeek ere parte hartuko dute, Bahía Blanca, Chascomús, La Plata, Lomas de Zamora, Mar del Plata eta Rosarioko euskal etxeetatik propio helduak. Arratsaldeko zazpietan hasiko da ikuskizuna eta jarraian, egunari bukaera biribila emateko Taska eta Erromeria egingo dituzte Laurak Bateko Belgrano Hiribideko egoitzan.

Azkenik, igandean bukaera emango zaio besta asteari, Euskal Etxe parean egingo den dantza erakustaldiarekin. Ikuskizuna 11:30etan hasiko da eta bertan asteburuko ekitaldietara gonbidatutako euskal etxeetako dantza taldeek ere hartuko dute parte. Ondoren elkarteko bazkide eta lagunak Basaldua saloian bilduko dira, lagunarteko bazkari batekin 130. urteurreneko ekitaldiei bukaera emateko.


Lotura interesgarriak

Laurak Bat Euskal Etxea, Buenos Aires
www.laurakbat.com.ar

Laurak Batek euskara klaseetarako lau gela inauguratu ditu
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 14an


Komentarioak

  • EUSKALETXEKO INFORMAZIOA

    KAIXO! BIDALIKO ZENIDAKETE EUSKALETXEEI BURUZKO INFORMAZIOA? NOIZ SORTU ZIREN, ZENEK, ZEIN EKINTZA EGITEN DITUZTEN, NOLA SUBENTZIONATZEN DIRA, ZENBAT JENDEK PARTE HARTZEN DU...ETA ABAR MILA ESKER ALDEZ AURRETIK AINHOA ainhobak@terra.es

    AINHOA BAKAIKOA, 2009/04/30 18:28

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia