Buenos Aires, Argentina. Azken orduotan jakinarazi du Laurak Bat Euskal Etxeak ‘Buenos Aires Celebra al País Vasco-BAC’ edo ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdiaren data. Argentinako hiriburuan egiten den festaldi handiena maiatzaren 12an, igandea, izango da, beti bezala Mayo etorbidean, eguerditik arratsaldeko seietara. 2019ko BACek aurreko edizioen helburu bera izango du; esan nahi baita “Mayo etorbidea erakusleiho erraldoi bihurtzea euskal kultura erakusteko”, adierazi dute elkarte antolatzailetik.
Helburu honekin, euskal etxe guztietako dantzari, euskara ikasle eta irakasle, musikari, sukaldari, danborrari, artisau eta kirolarien laguntza eskatuko dute antolatzaileek ahalik eta jai onena eta osoena prestatzeko.
Datozen asteetan arlo bakoitzeko arduradunak euskal etxeekin jarriko dira kontaktuan. Informazio gehiago lortzeko idatzi secretaria@laurakbat.com.ar helbidera.