euskal diaspora eta kultura
2014/03/13
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Euskal gizataldearen mugak gainditzeko helburua duen aktibitate batekin iritsiko da gaur Laurak Bat euskal etxea Buenos Airesko Dekorazio-Arte Museo Nazionalera. Euskal erakundeak komunitate osoari luzatzen dio gonbitea. Erakusketa, berriz, bihartik, martxoaren 14tik, apirilaren 27ra bitartean egongo da ikusgai Gure Arropa-Nuestra Ropa izenpean.
2011tik hona Magdalena Mignaburuk josi eta bildutako jazki sortak osatzen du bilduma. Horrez gain, Mar del Platako Denak Bat eta Maipuko Anaitasuna euskal etxeek utzitako diseinu batzuk ere ikusi ahal izango dira Museoan. Baina jantziak ez dira izango erakusketako material bakarra. Izan ere oinetakoak eta erdi Arokoko buruko batzuk ere jarriko dira ikusgarri.
Erakusketarekin batera, kultur eskaintza zabala proposatzen die euskal etxeak bisitariei. Hona hemen Laurak Bat-ek plazaratutako ekintzen programa:
-Martxoaren
larunbatetan (15ean, 22an eta 29an): euskal musika tresna tradizionalen saioak
-Apirilaren 12an: Buenos Airesko
Lagun Onak Abesbatzaren emanaldia
-Apirilaren 19an:
Gure Arropa erakusketaren sortzaile Magdalena Mignaburu presente egongo da
Museoan
-Apirilaren 26an:
Gernikako Bonbardaketaren 77. urteurrena gogoratzeko aktibitateak
-Igandero,
arratsaldeko 3:30etatik aurrera: literatur saioak Gabriela Mendiaren esku.
Euskal ipuin klasikoak, Euskal Herriko eta euskal jatorrizko idazleen kontaketak
eta euskal gaiak edo pertsonaiak dituzten testuak irakurriko dira
-Apirilaren 20an:
Aberri Eguneko ospakizuna
-Apirilaren 27an: azken agur ekitaldia
Erakusketaren inaugurazioari dagokionez, gaur izango da, iluntzeko 7etan. Zeremonia Museoko agintarien ongi etorriarekin hasiko da eta ondoren Arantxa Anitua Laurak Bat-eko lehendakariak eta Magdalena Mignaburu irakasleak zuzenduko dizkiete hitz batzuk bildutakoei. Euskal etxeko dantzariak ere arituko dira eta Aurreskua dantzatuko dute txistua lagun. Bukatzeko, ohorezko ardo bat eskainiko da. Laurak Bat-etik jakinarazi digutenez, gaurko ekitaldian parte hartu nahi duenak izena eman beharra dauka aldez aurretik euskal etxeko idazkaritzan – 11 4383 3903 – 14:00ak baino lehen-, gonbidatuen zerrendan sartu ahal izateko.
Bihartik aurrera erakusketa egunero eta publiko orokorrarentzat zabalduko da. Buenos Airesko Dekorazio-Arte Museo Nazionala Libertador Etorbideko 1902. zenbakian dago eta arratsaldeko ordu 2etatik 7ak arte irekitzen ditu egunero ateak, astelehenetan izan ezik. Sarrerak 15 peso balio ditu. Erretiratuentzat eta 12 urte arteko neska-mutilentzat sarrera doakoa da. Astearteetan, berriz, sarrera librea da.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus