euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Laura Nobile, euskal genealogian aditua: "Euskal Etxera behin hurreratu eta geroztik ez naiz bertatik atera"

2015/06/18

PUBLIZITATEA

Buenos Aires hirian jaio zen arbaso italiar eta galegoen ondorengo eta gaur egun arrecifestarra eta euskalduna da bokazioz, ezagutzaz eta engaiamenduz. Euskal genealogia kontuetan erreferentzia da Argentinan, baita Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeko liburuzaina ere, bertako euskal irratsaioko esatari eta arduraduna... eta beste hamaika gauza, bere entusiamoak eta lan-gaitasunak ez baitute mugarik.

Joseba Etxarri. Bizitza profesionalean, Argentinan "martillera" --enkanteak egiteko baimendua dagoen profesionala-- ikasi zuen eta horretan aritu zen zenbait urtez, baina badira bi hamarkada Laura Nobile genealogia kontuetan hasi zela. Hasi eta murgildu, gaur egun Argentina osoko euskal etxeak bisitatu eta euskal arbasodunei, eta interesa duen orori, erro familiarrak nola ikertu eta norberaren zuhaitz genealogikoa nola eraiki azaltzen dien 41 urteko emakume hau gai horretan espezialdu baita. Bere zuhaitz propioa osatzen hasi, trebatu eta, denborarekin, bereziki internet hedatzen joan zenean, erreferentzia bilakatu zen, hasieran italiar genealogia eta abizenetan, gai horri buruzko bere webguneak kontsultatuenetakoak izanik. 2005an Pedro Abarrategui-rekin ezkondu zelarik, bere senarraren familia ikertzen hasi zen eta geroztik euskal genealogia da gehienbat lantzen duena, italiarra pixkat atzean utzirik.

Zergatik da garrantzitsua norberaren erroak ezagutzea?

-Momentu batean euren lurra utzi zuten eta hona etorkizun hobe bila etori ziren immigranteen kimuak gara eta historia eta iragan hori gure parte dira. Eurak ekarri zuten euskal herentziaren oinordeko gara eta herentzia hori gure historiaren eta gure egungo errealitateko parte ere bada. Horren ezagutzak gauza asko ulertzeko bidea argitzen digu, indarrak mugiarazten ditu gure baitan eta segitzeko eta ekartzen jarraitzeko borondate iraunkorra sustatzen digu. Familiaren historia berreskuratuz altxor hori berreskura dezakegu, lagungarri zaigu geure urratsen norabide hobea topatzearren.

Pedro Abarrategui arrecifestarrarekin ezkontzeak euskaldundu al zintuen?

-(irribarre) Pedro ezagutu ezkero hasi nintzen interesatzen euskaldunez. Eta bitxia da, baina bera niregatik hasi zen sartzen euskal gauzetan. Bere birraitona Gipuzkoako Eskoriatzatik, Marin elizatetik ailegatu zen Argentinara. Hemen gogor aritu zen eta denborarekin Abarrategui kantxa eraiki zuen, Arrecifesko San Inazio jaiak abiatzen aritu zen, duela gutxi 70 urte bete dituen Gernikako Arbolaren kimua ekarri eta landatu zuen Arrecifesen, oso aktuboa izan zen euskal komunitatean, baina gazterik hil zen eta familian euskal erroekiko lotura eta harremana ahultzen joan zen, nire ikerketa kari berreskuratu genuen arte.

Nola kontaktatu zenuen egun kide zaituen Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat euskal etxearekin?

-Ikerketarengatik hain zuzen, Abarrategui aitonaz jakiteko, familian bazekiten-eta izen handia izana zela Arrecifesen. Egiari zor, euskal etxera behin hurreratu eta geroztik ez naiz bertatik atera. Bazkide egin ninduten eta Buenos Airesen bizi izan ginen bitarteak ekitaldi jakinetara etortzen ginen. 2009an Arrecifesera pasatu ginen bizitzera eta geroztik Arrecifesko Euskal Etxea gure bigarren etxea da. Noiz hasi nintzen parte sentitzen galdetzen badidazu, lehenengo momentutik esango nizuke. Hasieratik daukat gogoan topatu nuen eskuzabaltasuna, laguntzeko izpiritua eta abegikortasuna. Pixkanaka euskara klaseetan hasi nintzen, geroago Batzordeko kide egin ninduten eta abiatu nintzen geroztik segitu dudan ildoan.

Egun euskal etxeko liburuzaina zara eta bertatik kultura eta hainbat ekimen sustatzen dituzu, Arrecifesko euskal irratsaioa ere gidatzen duzu...hamaika gauza; zurea euskal komunitateko kide gisa aspaldi pasatu zen interesetik ezagutzara, eta ezagutzatik kontzientzia eta engaiamendura.

-Euskal Herriaz Teresa Zavaletak ematen dituen euskara eta euskal kultura klaseetan hasi nintzen maitemintzen. Hor sentitu nuen gehiago nahi nuela jakin eta berak eman zidan lagungarri izan zaidan bibliografia, besteak beste liburutegian genituen Barandiaranen lanak eta beste zenbait, zaharrak zein berriak. Asteroko irratsaioak ere dokumentatzera behartzen nau, gehiago ikastera euskaldunez, euskarari buruz eta euskaraz, geure tradizioak eta folklorea eta areago ere horrengatik guztiagatik gehiago murgiltzera eta gehiago engaiatzera Euskal Herriarekin eta bere egungo egoerarekin ere.

Argentina zeharkatzen duzu genealogia hastapenak irakatsiz eta lagunduz bide hori ibili nahi duten guztiei.

-2010etik FEVA Argentinako Euskal Erakundeen Federazioak urtero ateratzen duen kultur eskaintzako parte naiz. Euskal etxeek eska dezakete ni bertara joan eta hitzaldia ematea euskal genealogiaz. Gustaten zait laguntzea eta ad honorem (urririk) egiten dut, norberaren iragana ezagutzea gizakiaren behar garrantzitsua dela uste baitut. Euskal etxe horietan erreferente gisa geratu ohi naiz eta kontsultak dauzkatenean deitzen didate. Euskal Herririk ere deitu izan didate. Asko harritu nintzen, adibidez, behin esan zidatenean Donostiako Udalean eman zietela nire izena. Hor, alderantzizko bidea eginez izaten da, jakin nahi baitute handik hona emigratu eta arrastoa galduta daukaten euren familiez.

Euskal Herrian behin bakarrik izana zara, 2013an.

-Ez zen ohiko turismo bidaia bat izan, sustraietara itzultze bat baizik, historiara. Itzela izan zen. Oinak Euskal Herrian ipintzeak sorgindu egin ninduen, liluratu. Esana zidaten, baina esperientzia bizi arte ezin jakin. Eta gailurra bertako jendea izan zen, batzuk irratsaioko entzuleak internetez, bertan lehenengo aldiz aurrez aurre topatu nituenak. Sentipen horiek eta adiskidetasun horiek bertatik ekarri nuen altxorreko parte dira.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia