euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Laura Mintegiren 'Sisifo maite minez' eleberria aurkeztuko dute larunbatean Amsterdamen, egilea bertan dela

2011/11/10

Zirimiri Press argitaletxeak larunbatean aurkeztuko du Amsterdamen "Sisyphus verliefd" liburua
Zirimiri Press argitaletxeak larunbatean aurkeztuko du Amsterdamen "Sisyphus verliefd" liburua

PUBLIZITATEA

Zirimiri Press argitaletxeak 'Sisifo maite minez' eleberria neerlanderaz argitaratu du eta Laura Mintegi egilea gonbidatu du Amsterdamera, liburuaren aurkezpena egiteko. Mintegik 2001. urtean idatzitako maite minari buruzko nobela honek gaiaren inguruko hausnarketa sakona proposatzen du eta horregatik aukeratu du Zirimiri Pressek. "Holandan badira maite minari buruzko 'chick-lit' liburuak, baina Laurarena sakonagoa da, maitasunari buruzko saiakera bat da", aitortu dio EuskalKultura.com-i Henrike Olasolo editoreak.

Bilbo, Bizkaia. Gaur bertan abiatu da Laura Mintegi idazlea Amsterdamera, Zirimiri Press argitaletxeak plazaratu berri duen 'Sisifo maite minez' eleberriaren neerlanderazko itzulpena aurkezteko. Liburua kalean da jada, eta Ambereseko Liburu Azokan salgai izan da, baina larunbatean egingo da aurkezpen ofiziala, Amsterdameko Perdu fundazio literarioan.

Argitaletxeak jakinarazi duenez aurkezpenean "maitasuna eta askatasuna gaiak ardatz hartuta solasean" ariko dira Mintegi eta Amsterdamen bizi den Aitziber Renteria sikologoa. Horrez gain, aukeraz baliatuz, euskal PEN-kluba izango dute mintzagai, Mintegi baita idazleak biltzen dituen elkarte honetako euskal adarreko presidente. "Ilusio handia dut hara joateko", aitortu dio Mintegik EuskalKultura.com-i. "Espero dut eskertu ahal izatea Zirimiriren esfortzua. Tamaina txikia baina proiekzio handia du Holandan".

Hutsunea Holandan

Zirimiri Press hizkuntza txikien fikzioan eta saiakeran espezializatua dagoen argitaletxe txikia da. Henrike Olasolo euskaldunak eta Cristina Richarte katalanak sortu zuten eta iaz 'Emekiro' izenburuarekin euskal emakume idazleen narrazio sorta plazaratu zuten neerlanderaz.

Orain, Mintegiren eleberri ezaguna dakar argitaletxeak, Olasoloren esanetan, Holandako merkatuan hutsune bat betetzen duelako: "Uste dugu irakurleek ulertuko dutela. Hemen badira maitasuna jorratzen duten lanak neerlanderaz, baina 'chick-lit' estilokoak dira. Laurarena oso sakona da, maitasunari buruzko saiakera da". 

Apustu fuertea

2001. urtean argitaratu zen liburuaren ibilbidea ezustea izan dela aitortzen du Mintegik berak. "Maitasunari buruzko nobelak bazeuden, baina ez maite minari buruzkoak. Emakume bat bere maitasun istorioa kontatzen... 'Corin Tellado euskalduna' izateko arriskua zuen, baina apustu fuerte egin nuen eta ondo atera da. Gehien mugitzen ari den nobela da, eta batzuetan, idazle moduan, pena pixka bat ematen dit beste lanak estaltzeko arriskuak, 'Ecce homo' estaltzea, adibidez", dio egileak.

Baina 'Ecce homo' ere ari da bere bidea egiten, eta abenduan edo urtarrilean Alemanian plazaratuko dela iragarri du Mintegik. "Petra Elserrek itzuli du eta Pahl-Rugenstein Verlag argitaletxearen 'Zubiak' bilduman argitaratuko da". 

-datu gehiago: 

"Sisyphus verliefd"
Prezioa: € 17,00
Argitaletxea: Zirimiri Press

www.zirimiripress.com



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia