Bihar, irailaren 6an, Santa Rosako Euskal Etxeak (Paradise Valley, Nevada) urtero ospatzen duen jaialdiaren laugarren edizioa ospatuko du. Eta festa berezia izango da, Nevadak 150 urte betetzen dituelako Richard Gavicak, klubeko lehendakariak, Euskalkultura.com-i esan legez.
Paradise Valley, AEB. Ongi etorria eman zizun lurraldearen 150. urteurrena ospatzea ez da eguneroko kontua. Horrexegatik batuko ditu Santa Rosako Euskal Etxeak bere urteroko jaia eta estatuaren urtemuga. “Hemeretzigarren mendean ailegatu ziren euskaldunak oroituko ditugu”, esan du Gavicak. “Lurralde honetan historia luzea duten familia asko daude, Echeverriatarrak, Gaztanagatarrak, Arriolatarrak…”
Arbasoak eta estatua omentzearekin batera bi plan azpimarratu nahi izan dituzte antolatzaileek, besteen gainetik. Lehena, Tom Davidson Renoko (Nevada) harri jasotzailearen emanaldia izango da: “Gogotsu nago ikusteko, ez baita inoiz inguru honetan aritu”, esan du Susan Gavicak. Eta bigarren plana Amuma Says No taldearen kontzertua izango da; nahiz eta iaz ere jo zuten, “jende guztiak disfrutatzen duen zerbait” delako, lehendakariaren emaztearen berbetan.
Jatekorik ere ez dute faltan izango, antolatzaileek esandakoari jaramon eginez gero: “90 kg. txorizo inguru prestatu ditugu”, aipatu du lehendakariak. Eta horrekin batera, hanburgesak, solomo ogitartekoak, paella eta berakatza zopa.
St. Alphonsus Catholic Church elizan hasiko dute eguna, meza katolikoarekin, eta egunean zehar Boiseko eta Elkoko dantzariak ere arituko dira espero dituzten 250 lagun ingururen aurrean. “Jende kopuru hori izan ohi dugu normalean eta antzeko zerbait espero dugu aurten ere”, bukatu du Susanek.