euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Lauburu México' Pilota Eskola, ‘Mugarik gabeko pilota’ egitasmoaren sustatzaile eta euskal kirol honen harrobia

2024/12/20

David Alvarez eta Daniela Vargas Lauburu Mexico Pilota Eskolako arduradunak
David Alvarez eta Daniela Vargas Lauburu Mexico Pilota Eskolako arduradunak

PUBLIZITATEA

Mexiko hiria, Mexiko. 2017an sortu zuten Daniela Vargas eta David Alvarez pilotari mexikarrek 'Lauburu México' izeneko Esku Pilota Eskola, Alvarezek esku huska, 36 metroko frontoian, Munduko Txapelketa irabazi zuenean. Baina kirolari mexikarrak ez zeuden bakarrik abentura handi honetan; beraien lagun Kepa Arroitajauregi pilotari iurretarrak lagundu zien proiektuarekin. “Arroitajauregi Munduko Pilota Kontseiluko zuzendari teknikoa zen garai hartan, eta aurretik erabilitako larruzko pilota ugari oparitu zizkigun. Hasiera ezin hobea izan zen hura guretzat”, gogoratzen du Vargasek EuskalKultura.eus-ekin hizketan.

“Mexikon badago esku pilotan jokatzeko ohitura, batez ere herrialdearen erdialdean; baina normalean tenis-pilotekin jokatzen dute, merkeagoak direlako eta ‘toke’ edo pilota mistoak ez ditugulako lortzen hemen. “Horregatik Kepak egindako pilota-oparia abiapuntu ederra izan zen. Hemengo pilotariek potentzial handia daukate baina trebakuntza behar dute eta pilota ofizialekin entrenatu behar dira lehiaketa ofizialek eskatzen duten mailan egon ahal izateko”.


'Lauburu México' Pilota Eskola, pilotarien harrobia da, pilota mota tradizionalena den esku hutsean

Pilotari mexikarrak 'jo ta ke'. Eman begiratua bideoari, pilotari gazte-gazteak buru-belarri pilotan

'Pelota sin fronteras' proiektua

Jokalariak behar den moduan trebatzeko ‘Pelota sin fonteras’ (Mugarik gabeko pilota) izeneko programa jarri zuen martxan 'Lauburu México' Eskolak 2022an. ‘Pelota sin fronteras’ truke-programak Munduko Pilota Kontseiluaren babesa du eta oso helburu argia: Euskal Herriko pilotariak Mexikora gonbidatzea eta, aldi berean, mexikar pilotariak Euskal Herrira bidaltzea, kirolari gazteen formakuntza bermatzeko. Honela, 2022an, Eskolako bost ikaslek Abadiñoko eta Durangoko (Bizkaia) pilota kanpamentuetan hartu zuten parte. 2023an, berriz, Lur Ziarrustaren zuzendaritzapean, Ekhi Ziarrusta, Inhar Ugarte, Ibon Taberna, Julen Chiapuso, Enara Gaminde eta Miren Larrarte euskal pilotariek Mexikora bidaiatu zuten. Euskal pilotarien Mexikora egindako azken bisita 2024an izan zen. Asier Aspuruk, Mikel Aurrekoetxeak, Mikel Larrañagak, Gorka Otaduyk eta Ireber Erañak, partidak jokatzeaz gain, eskola batzuk ere eman zizkieten Mexikoko ikasleei.

Eta planek jarraitzen dute. Mexikoko pilotariak Euskal Herria bisitatzekotan dira 2025ean. Kirolariak entrenamendu berezia izango dute Euskal Herriko trinketeetan, 22 urte azpiko Munduko Trinkete Txapelketara joan aurretik. Trebakuntza horrek garrantzi handia dauka euren ibilbiderako eta datorren urteko azken seihilabetekoan nazioarteko lehia nagusian aritzeko. Izan ere, 22 urte azpiko Munduko Trinkete X. Txapelketa Venado Tuerton (Argentina) egingo da datorren urtean, irailaren 14tik 20ra.

‘Lauburu México' gaur

Gaur egun, eskolak bi entrenatzaile ditu, David Álvarez eta Daniela Vargas, baina biak irakasle berriak ari dira trebatzen herrialde osoko frontoietan talde berriak zabaldu ahal izateko. Eskolan aritzen diren pilotariei dagokienez, sei urterekin has daitezke neska-mutilak klaseak hartzen. Hasteko, kirola praktikatzearen garrantziaz irakasten diete haurrei. 14 eta 22 urte bitarteko gazteak lehiaketan parte hartzera animatzen dituzte eta 23 urtetik gorako kirolari batzuk nazio eta nazioarte mailako txapelketetan hasten dira parte hartzen. “Eta nahiz eta gaur egun neska gutxi egon –ikasleen %7a bakarrik oraingoz– , gero eta neska gehiago animatzen dira, eta gero eta gazteago hasteak formakuntza eta etorkizun emankorragoa ekartzen die”.


'Lauburu México' Pilota Eskola Mexikoko hiriko Euskal Etxeko frontoian

'Lauburu México' Eskolak harreman estua dauka Mexiko Hiriko Euskal Etxearekin. Izan ere elkartearen babesa jaso du askotan, adibidez, Euskal Herrira joateko lehenengo truke bidaia antolatu zutenean. Horrez gain, Eskolak pilota erakustaldiak antolatzen ditu Euskal Etxeko frontoian, Eskolako ikasleak partaide. Harremanbide hau bizkortzea bi erakundeen helburuekin erabat bat egiten duen zerbait da eta fruituak euskal kulturaren adierazpideetakoa den esku pilotari mesede handia egiten dien ekimena.

- 'Lauburu México' sareetan, Escuela de Pelota Vasca “Lauburu México”
- David Alvarezen Instagram, davidalvarez.stich



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia