euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lauburu Argitaletxea, euskal gaiei buruzko lanak argitaratzeko aukera berri bat, autogestionatua eta Argentinan

2015/09/15

Lauburu Argitaletxearen logoa
Lauburu Argitaletxearen logoa

PUBLIZITATEA

Sortu berri berria da Argentinan Lauburu Argitaletxea, Arturo Campion Ikasgunearen baitan, Argentinan bertan egiten diren euskal gaiei buruzko ikerketei kaleratzeko aukera emateko. Oso denbora laburrean hiru liburu argitaratu ditu eta laugarrena ari da prestatzen, Cesar Arrondoren iritzi artikulu bilduma bat. 

Laprida, Argentina. “Proiektua iaz sortu zen, Cesar Arrondorekin izandako elkarrizketa baten ondorioz”, azaldu dio EuskalKultura.com-i Nicolas Chaves Lauburu Argitaletxeko arduradunak. “Biok gara Arturo Campion Ikasguneko kide eta behin, elkarteko lanei buruz hizketan, berak esan zidan bazeukala hasita ikerlan bat eta asmoa zuela lanari liburu itxura ematea. Nik baneukan eskarmentu apur bat edizio munduan eta hori dela eta laguntzera animatu nintzen. Ideia, gainera, ez zen Arrondoren lanarekin bukatuko. Arturo Campion Ikasguneko kideok beti ari garenez ikertzen, argitaletxe bat sortzeko helburua ere bada beste lan horiek ezagutaraztea. Honelaxe hasi da Lauburu Argitaletxea”, adierazi digu Chavesek.

Bere ekarpena aipatzerakoan, 'laguntza teknikoa’ eman ahal duen kide bat dela diosku Chavesek. Izan ere, berak esaten du ez duela edizio karrera egina baina denboraren poderioz asko ikasi duela edizioaz, edizio lanetan murgilduta. “Orain arte urrats horiek eman ditugu. Eta orain gure liburuak zabaltzea egokitzen zaigu eta horretarako Facebook kontu bat ireki dugu Ediciones Lauburu izenpean. Ahoz aho ere hedatu da gure lanaren berri, Diasporan eta baita Diasporatik kanpo ere. Hala ere hedapen hori zabaldu nahi dugu”, azaldu digu argitaletxeko arduradunak.

Argitaratutako izenburuak

Urtebete eskasean hiru liburu argitaratu ditu argitaletxeak: Cesar Arrondoren Gandarako euskaldunak eta Lapridako euskaldunak eta Maria Eugenia Cruseten Nazionalismoak eta diasporak. Euskaldunak eta irlandarrak Argentinan (1862-1922). Lan hauetako azalak egiteko, Gonzalo Santosen eta Alejandro Schmieden lankidetza izan du Chavesek. “Orain laugarren tituluarekin arin naiz lanean; Hojas para la formación (Trebakuntzarako orriak) liburuak Cesar Arrondoren hainbat iritzi artikulu batuko ditu”.

Aleak eskuratzeko zuzenean argitaletxearekin jarri behar da kontaktuan Facebook bidez edota Chavesen e-postara idatziz. Egileei zuzenean eskatzea ere bada aukera bat. “Oso berria da proiektua eta oraindik fintzen lan handia daukagu. Talde autogestionatua gara eta helburu nagusia euskal kultura zabaltzen jarraitzea da. Badakigu hemen badagoela potentzial handia eta asmoa da hori bultzatzea eta horren bidez gure harri-koskorra ekartzea Euskal Herriaren eskubideen eta autodeterminazio prozesuaren alde”, amaitzen du Chavesek. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia