euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lau urterekin Hegoalde Argentinarra euskal etxeak irmo jarraitzen du euskal kultura zabaltzen Patagonian

2011/06/16

Hegoalde Argentinarra euskal etxeko lagun batzuk zozketaren egunean (argazkia La Opinion Austral)
Hegoalde Argentinarra euskal etxeko lagun batzuk zozketaren egunean (argazkia La Opinion Austral)

PUBLIZITATEA

Argentinara heldu zirenean, herrialde osoan sakabanatu ziren euskaldunak. Euskal Herrian utzitako lurraren antza zuen paisaiaren edo hobeto bizitzeko aukera baten bila, nazio berriaren herri askotan kokatu ziren europatarrak, Buenos Airesetik hurbil baina hiriburutik oso urrun ere. Urratsak Santa Cruz probintziako Rio Gallegos hirira bideratu zituztenek ez zuten arbasoekiko lotura ahaztu nahi izan. Karia horretara 2006an biltzen hasi ziren euskal etxe bat sortzeko eta 2007an Hegoalde Argentinarra izenarekin, nortasun juridikoa lortu zuen Patagoniako euskal etxeak. Joan den igandean eta bandera argentinarraren herriko jasoera ekitaldian euskal erakundearen urtemuga oroitu zuen Gallegosek.

Rio Gallegos, Argentina. Gaztea da oso Hegoalde Argentinarra Euskal Etxea eta gaztetasunaren bizkortasunarekin lan egiten du Euskal Herriko kultura zabaltzearen alde. Herriko komunitateari begira proposamen batzuk dauzka abian Rios Gallegoseko euskal erakundeak, baina dirubilketa ekimenei dagokienez, ezagunenetakoa Euskal Herrira joateko bi txartelen zozketa izango da seguruenik.

Iazko zozketari dagokionez, joan den apirilean, Aberri Egunaren testuinguruan, gauzatu da, eta Patagoniako lagunek adierazi dutenez “euskaldunen erara ospatu dugu: pintxo onak janez eta kalimotxoa edanez”. 118. zenbakiarekin El Calafateko Juan Cruz Iglesias izan zen irabazle zoriontsua. Iglesiasek hegazkin tiketak jasotzeaz gain mila euro dirutan, bidaia gastuetarako ere hartu du euskal etxetik.

Bitartean, beste ekintza batzuk ere garatzen ari da euskal etxea, tartean gitarra klaseak eta zeramika tailerra. Duela gutxi, Borja Blazquez-en bisita jaso dute San Cruzeko euskaldunek eta sukaldari donostiarraren eskutik sukaldaritzaren misterioetan murgildu ziren.

Euskal etxearen urtemuga

Uztailean euskal etxearen urtebetetzea ospatu ohi dute Hegoalde Argentinarra-ko lagunek. Lau urte egin dira aurten nortasun juridikoa lortu dutenetik eta nahiz eta jaia atzeratu behar izan, joan den igandean euskal etxearen omenez ere jaso zen Argentinako bandera herriko San Martin plazan. Euskal etxeko ordezkariak presente izan ziren zeremonian.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia