euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Lau euskal etxeetako koruek hartuko dute parte gaur Tandileko 'Gure Etxea'ren V. Abesbatz Topaketan

2007/11/17

Gure Abestiak koruaren emanaldia Tres Arroyoseko Euskal Etxean (argazkia HiruErrekaEE)
Gure Abestiak koruaren emanaldia Tres Arroyoseko Euskal Etxean (argazkia HiruErrekaEE)

PUBLIZITATEA

Tandileko Euskal Etxeak bere sorreraren 58. urteurrena betetzen du egunotan eta data hau ospatzeko prestatu dituzten ekitaldien artean, euskal elkarteak bosgarrenez antolatzen duen Abesbatz Topaketaren txanda heldu da gaur. Topaketan lau euskal etxetako koruek hartuko dute. Hauek dira: Tandileko Gure Abestiak, Coronel Pringleseko Eusko Alaiak abesbatza, Cañuelaseko Denak-Bat korua, eta Azuleko Euskal Bihotzak.
Tandileko 'Gure Etxea' euskal elkartea Argentinako euskal etxeetako koruen topagune bihurtuko da gaur, bere Abesbatz Topaketaren bosgarren edizioa egingo baitu gaur, bere inguruko euskal talde kantuzaleen biltoki bilakatuz. Ekitaldia 'Gure Etxea'ren sorreraren 58. urteurreneko ekitaldien barruan sartzen da eta aurreko edizioetan izandako giro ederra errepikatzeko asmoarekin gogor lan egin dute antolatzaileek, bertatik EuskalKultura.com-i adierazi zaionez

Topaketa Tandileko Santa Ana parrokian izango da eta aipatu lau euskal etxeetako koruek hartuko dute parte. Gure Etxeako koru tandildarra, Gure Abestiak izenekoa, Martin Darío Tumbarinoren zuzendaritzapean ariko da. Coronel Pringleseko Euskal Etxeko Eusko Alaia koruak Ana María Sassoni de Brouques izango du gidari. Cañuelaseko Euskal Etxeko Denak Bat abesbatza Santiago López zuzendariarekin ariko da eta, azkenik, Azuleko Euskal Etxeko Euskal Bihotza koruak Georgina Espinal izango du gidari. Emanaldiaren ostean partehartzaileak Euskal Etxean bilduko dira lagunarteko afari bati ekiteko.

[Goiko irudian Gure Abestiak koruaren emanaldia Tres Arroyoseko euskal etxean (argazkia HiruErrekaEE)]

Koru elkarretaratze honetaz gain, Tandileko Euskal Etxeak besterik ere prestatu du bere 58. urteurrena ospatzeko. Horrela, datorren igandean, azaroaren 25ean, elkarteko kide eta lagunek tarte berezia eskainiko diote festa eta ospakizunari, mahai baten inguruan gainera. Hitzordua bazkaltzeko tenorean da eta menuko izarra paella izango da 'Mar del Platako maisu paellagilea den Pascual de Ferrer sukaldariaren eskutik'. Ekitaldia biribiltzeko, elkarteko dantzari txiki eta nagusiek erakustaldia eskainiko diete bildutakoei.


Lotura interesgarriak

Gernikako Bonbardaketaren urteurrena Tandilen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 14ean

Euskararen Eguna Tandileko Gure Etxean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 20ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia