Erromako Associazione Culturale Euskara elkarteak Euskal Zinema Zikloa jarriko du abian gaur, "Lasa eta Zabala" luzemetraiaren emanaldiarekin. Hilaren 25ean "Loreak" filma izango da ikusgai berriz ere, ikusleek eskatuta, 2015ean Euskal Astean aurkeztu zenean izan zuen arrakasta eta gero. Azkenik, azaroaren 26an amaituko da zikloa, Laburbira jaialdi ibiltariaren euskarazko laburmetraiekin.
Erroma, Italia. Euskal zineak Erroman erakuslehio berezia izango du hil honetan, Associazione Culturale Euskara elkarteari esker. Erromako euskal etxeak Spazioxygenekin lankidetza egin du bertan erakusteko zenbait euskal lan. Inaugurazioa gaur bertan izango da, "Lasa eta Zabala" filmarekin. Pablo Malo zuzendariaren filmak Joxean Lasa eta Joxi Zabala euskal errefuxiatuen desagertzea du ardatz.
Bigarren saioa azaroaren 25ean izango da eta film berri bat erakutsi ordez, aurretik Erroman ikusgai izan den bat ekarriko du bueltan: "Loreak". Euskal Etxeak iazko Euskal Astean erakutsi zuen, baina harrera hain izan zen ona, ikusleek berriz ere eskatu dutela. Loreak ardatz dituen luzemetrai honek arrakasta handia izan du nazioarteko jaialdietan --Donostiako Zinemaldia, BFI London Film Festival, Zurich Film Festival eta Tokyo International Film Festival, besteak beste-- eta Oscarretarako hautagaien zerrendan izan den aurreneko euskarazko filma izan da. Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga dira zuzendariak.
Zikloa azaroaren 26an amaituko da euskarazko ikus-entzunezkoen zirkuitu ibiltaria den Laburbiran parte hartu duten zortzi laburmetraien emanaldiarekin. Ondoren, abenduaren 1etik 11ra ospatuko den 2016ko Euskal Astearen programazioa aurkeztuko da.
Emanaldi guztiak Spazioxygenen izango dira (Via San Tommaso D'Aquino 11a – Metro A Cipro). Pelikula bakoitzaren aurretik 18:30etan hasiko den aperitibo txiki bat egiteko aukera izango da. Emanaldiak, aldiz, 20:00etan hasiko dira.