euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Las Floresko Udalak Raquel Rotaeche euskal argentinarra saritu du Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunean

2009/11/04

Raquel Rotaeche Graciana Goicoechandia Loretako Euskaldunak Euskal Etxeko lehendakariarekin Udaletxeak egindako omenaldian
Raquel Rotaeche Graciana Goicoechandia Loretako Euskaldunak Euskal Etxeko lehendakariarekin Udaletxeak egindako omenaldian

PUBLIZITATEA

Diasporako hainbat lekutan gertatzen den bezala, Las Floresen ere badaude edadeko pertsona batzuk azken mendeko gertakizun askoren lekuko izan direnak eta hau da Raquel Rotaecheren kasua. Laurogeita hamazazpi urteko emakume hau magisteritza eta pintura munduko ikurra da bere komunitatean, eta barnetik bizi izan ditu herriko baita herrialdeko historia; hori dela eta Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunean, 'Loretako Euskaldunak' EEak proposaturik, Las Floresko Udaletxeak saritu egin du jarduera handiko beste herritar batzuekin batera. Omenaldia urriaren 23an izan da, Udaletxeko Areto Gorrian, eta saritu bakoitzak domina eta diploma jaso ditu.

Las Flores, Argentina. Raquel Nidia Rotaeche Las Flores-en jaio zen 1921ean. Aita euskalduna zuen. 'Aitaren aldetik, abizen guztiak euskaldunak ditu, Rotaeche, Pagazautundua, Zabalburu eta Zaballa' kontatzen dio Raquelek Euskalkultura.com-i Euskal Herriarekin zein lotura duen galdetzen diogunean. 'Aitonak beti etorri nahi izan omen zuen Hego Amerikara lan egitera, baina ezin izan zenez, bere seme bat, nire aita alegia, ekarri zuen bere izeba batek mutilarentzat lana zuela esan zionean'. Raquelen aita, Angel Rotaeche, Laudion, Alaban, jaioa zen Okendo baserrian eta hamabi urterekin zeharkatu zuen Ozeano Atlantikoa Hego Ameriketan bizitza berri bat hasteko.

Denboraren poderioz, mutil hori gizon bihurtu zen eta Las Flores herrira mugitu zen. Han Los Vascos  hotelaren jabea (gaurko Gran Hotel Avenida) izan zen urte batzuetan. Raquelek magisteritza eta pintura ikasi zituen. Kontaktu handia izan zuen beti kulturarekin eta horregatik haserretu egiten da euskaldunak 'basatiak' direla dioen aurreiritzi hori entzuten duenean: 'aita oso gizon jakintsua izan zen; ni andereñoa izan nintzen Misiones probintzian eta han Jesuiten Misioak ezagutu nituen. Euskaldunek egindako lan hori ikusi eta gero, nork esan dezake euskaldunak kultura gabekoak garela?', galdetzen du Raquelek, bere euskal jatorriaz oso harro dagoela adieraziz.

'Loretako Euskaldunak' Euskal Etxeak aukeratutakoa

Rotaeche andreak 1942tik 1953ra arte, Misiones probintziako Gobernador Rocako eskola batean egin zuen lan, eta hamaika urte horiek pasatu ondoren Las Floresera bueltatu zen irakaskuntzarekin jarraitzeko. Bertako Escuela Normal Nacional-ean aritu zen irakasle eta errektore erretiratu zen arte, 1972. urtean. Bitartean, Raquelen pinturak gailendu ziren hainbat erakustalditan, eta sari bat baino gehiago jaso zuen.

Arrazoi hauen guztiengatik Raquel Rotaecheren izena proposatu zioten 'Loretako Euskaldunak' Euskal Etxekoek Udaletxeari Nazioarteko Edadeko Pertsonen Egunean saria emateko. 'Raquelen bizitza jarraibide ona da gure komunitatearentzat. Maitasun eta engaiamendu handiz egin zuen bere lana; horregatik nahi genuen omenaldi hau berari egitea', azaldu dio euskal etxeko lehendakari den Graciana Goicoechandiak EuskalKultura.com-i. 'Emakume hau Diasporaren ikur bat da, – jarraitzen du Loretako Euskaldunak-eko nagusiak – oso harro dago euskalduna izateaz eta gu pozik gaude gure artean izateaz'.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia