Las Flores, Argentina. Urtero ematen die Buenos Aires probintziako Las Flores hiriko Udalak ‘Heldu Nagusien errekonozimendua’ herriaren alde ekintza sozialak, komunitarioak, kirol arlokoak egiten dituzten gizon eta emakumeei. Aurtengo omenaldia urriaren 12an egin zen, hiriko Español Antzokian, eta Loretako Euskaldunak Euskal Etxeak proposaturik, Monica Arrazubieta izan zen saridunetako bat. Monica 2003. urtetik dago Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordean, lehendakari izan zen bi agintalditan eta gaur egun lehendakariorde dihardu. Zeremoniako argazkiak, hemen.
Bizitza osoa euskal kausaren alde
Monica Arrazubietak euskalduntzat jotzen du bere burua, eta ez bakarrik abizenagatik edota arbasoak euskaldunak zeuzkalako. “Identifikatu egiten naiz euskal jendearen ezaugarriekin, hain ezagunak diren zintzotasuna eta leialtasuna bezalako balioekin”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i. “Euskal Herritik etorri zena birraitona izan zen; gure aita oso gazterik hil zen eta horregatik ez dakit gauza handirik euren historiari buruz. Bai batzuetan euskarazko hitz jakinen bat entzun eta gogoratzen dut aitak esaten zuela”, esan digu.
Monica Las Flores-ko Loretako Euskaldunak Euskal Etxeko lehenengo kideetako bat da. “Izan ere, 5. zenbakiko bazkidea naiz. Garai hartan, esan zidatenean Euskal Etxea sortzekotan zirela, berehala esan nuen baietz. Gero aktibitate gutxiko garaia izan zuen Etxeak eta 2003an deitu zidaten berriro Elkartea berpizteko. Eta momentu horretatik hona, beti egon naiz Batzordean. Oso gustura naiz Etxeko kidea, oso gustura nago sortu dugun taldearekin eta oso gustura egiten dut lan euskaldunen alde. Oso pozik nago Euskal Etxean”, adierazi digu harro eta oraindik ere errekonozimenduak hunkituta Monicak.