euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Las Floreseko Loretako Euskaldunak EEak ‘Don Paulo Vidaurreta’ aretoa inauguratu du elkartearen 22. urteurrenean

2018/02/01

Loretako Euskalduna Euskal Etxeko ‘Don Paulo Vidaurreta’ aretoa (argazkia EE)
Loretako Euskalduna Euskal Etxeko ‘Don Paulo Vidaurreta’ aretoa (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Nafar sustraiak zituen Paulo Vidaurretak utzitako etxe batean funtzionatzen du, bere sorreratik, Loretako Euskaldunak Euskal Etxeak. Aurten, 22. urteurrena ospatzeko festa antolatu du elkarteak eta aretoa inauguratu du ‘Don Paulo Vidaurreta’ izena jarrita euskal kultur ondarearekin jarraitzeko ahaleginean hain lagungarri izan den pertsona gogoan atxikitzeko, desestalitako plakak oroitarazten duenez.

Las Flores, Argentina. Urtarrilaren 27an bere urtebetetzea ospatu zuen Loretako Euskaldunak-ek. Hainbat bazkide bertan, eta omendutako Paulo Vidaurretaren seme-alaba eta bilobak lagun, festa areto berria inauguratu du Loretako Euskaldunak-ek, plaka oroigarri bat desestaliz eta musika ikuskizun batekin. Federico Inchauspe lehendakariak hitz batzuk zuzendu zizkion publikoari eta ospakizunari amaiera emateko agiantza oneko topa egin zuten bildutakoek.

Euskal Etxetik EuskalKultura.com-i azaldu zaionez, areto berria oso egokia izango da elkarteak antolatzen dituen ekintzak egiteko. Paulo Vidaurretari dagokionez, Las Flores partiduko Rosa herrixkan jaio zen 1902an eta Francisco Vidaurreta iruindarraren semea zen. Euskal Etxeko lehendakariordea den Monica Arrazubietak jakinarazi digunez, “oso goiz utzi zuen eskola lanari ekiteko. 23 urterekin ama hil zitzaion eta lau arreba bere gain hartu zituen zaintzeko. 1937an Juana I. Rivarolarekin ezkondu eta lau seme-alaba izan zituzten: Ana Maria, Maria Otilia, Paulo Jesus eta Mario. Bizitza osoan zelaian lan egin zuen, esnegintzan. Zelai argentinarreko ohiturak maite zituen, eta baita Euskal Herrikoak ere, muslari amorratua zen. Hiriko Nekazaritzen kooperatibako eta Nekazarien Elkarteko kide izan zen eta 27. Eskolako kooperadoraren lehenengo presidentea”.

“70 hamarkadaren amaieran Vidaurretaren familia Las Flores hirira mugitu zen eta gaur egun Euskal Etxearen egoitza den etxean bizi izan zen Paulo, hil arte. Hemen irakatsi zien bere seme-alabei euskal kultura maitatzen eta horregatik egin nahi izan diogu omenaldi hau”, azaltzen dute Loretako Euskaldunek-eko arduradunek.

2018an bere ohiko ekintzekin jarraituko du Las Floreseko Euskal Etxeak, hirian eta eskualdean euskal kultura zabaltze aldera.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia