euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Las Floreseko EEko erreferentea den Graciana Goicoechandia, munduko 50 maisu onenen artean

2015/12/11

Graciana Goicoechandia, Global Teacher Prize saria jasotzeko hautagai
Graciana Goicoechandia, Global Teacher Prize saria jasotzeko hautagai

PUBLIZITATEA

Argentina osoan izan du eragina berriak eta nola ez baita Argentinako euskal diasporan ere. Graciana Goicoechandia, Las Flores hiriko Euskal Etxeko lehendakari ohia, Global Teacher Prize saria jasotzeko hautagai geratu da aste honetan. “Aurkeztutako proiektuan teknologia berriek kultura bazter guztietaraino eramateko eskaintzen diguten aukera nabarmentzen dut; eta euskal kultura ere sartzen dut ezagutza zabaltze horretan”, adierazi dio Goicoechandiak EuskalKultura.com-i.

Las Flores, Argentina. Mundu osoko zortzi mila irakasle aurkeztu ziren 2015eko Global Teacher Prize jasotzeko deialdira eta lehenengo hautaketa egin ostean, berrogeita hamar baino ez dira geratu, tartean bi argentinar, euretako bat euskal jatorriko Graciana Goicoechandia informatika irakaslea.

Graciana oso ezaguna da Argentinako euskal diasporan Las Floreseko Loretako Euskaldunak Euskal Etxean egindako lanagatik. Izan ere, 2005ean zentroa fundatu eta 2013 urte bitartean, –erakundeko lehendakaria izan zen epean– Eusko Jaurlaritzaren onespena jaso zuen instituzioak, Euskara Munduan programaren ikastaro baten egoitza izan zen eta euskal kulturaren presentzia bermatu zuen hiriko hitzordu eta jaialdietan, lorpen batzuk aipatzearren.

Orain, ordea, berria beste esparru batetik dator: irakaskuntzan egiten duen bere lanagatik Varkey Fundazioak ematen duen Global Teacher Prize saria jasotzeko hautatua izan baita Goicoechandia, beste berrogeita hamar irakaslerekin batera, eta nahiz eta saria 2016ko martxoan emango den, irabazletzat jo dezakegu dagoeneko irakasle argentinarra urrats honetara iritsi izanagatik.

Pare bat egunetan berriaren oihartzunak muga guztiak gainditu ditu eta espero ez zituen hainbat mezu jaso ditu irakasleak azken orduotan. Bitxiena, akaso, izendatu berria den Esteban Bullrich Hezkuntza Ministroarena. “Ez dut ezagutzen; beraz, ezuste handi-handia izan da bere deia jasotzea”, adierazi du Gracianak. Euskal diasporaren mezuak ere iritsi zaizkio, barra-barra gainera. “Nirekin batera Gaztemundu programan parte hartu zuten guztiek bidali dizkidate mezuak; euskal etxe askotako lagunek ere eta asko poztu nauen agurra EHUko Janeire Salicio lizentziatuarena izan da. Duela hamar bat urte izan zen gure Euskal Etxean hitzaldi bat ematen”, azaldu digu.

Dudarik gabe, egun biziak ari da bizitzen Las Floresko irakaslea eta batez ere bere hiru pasioen artean banatzen ditu orduak: eskolako lana, GEN alderdi politikoarekin lortu zuen zinegotzi kargua eta bere familia, bereziki, Leire alabatxoa. Hala ere, Loretako Euskaldunak Euskal Etxearekin daukan harremanaz galdetu nahi izan diogu.  

“Nahiz eta orain lehendakari ez izan, beti ari naiz Euskal Etxean eta Euskal Etxearen alde lanean. Ardura gutxiagoko kargu batekin orain, beste ekimen batzuei aurre egin ahal izateko. Baina, sariaren deialdira aurkeztutako proiektuan teknologia berriek kultura bazter guztietaraino eramateko eskaintzen diguten aukera azpimarratzen dut; eta sortu nuenean, gure arbasoen kultura ere baneukan gogoan; euskal kultura ere iris daiteke leku gehiagotara teknologia berriei esker”, adierazi digu irakasleak.

Lotura duten artikuluak

Graciana Goicoechandia seleccionada uno los mejores docentes del mundo

Dos argentinas seleccionadas entre los 50 mejores maestros del mundo



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia