euskal diaspora eta kultura
2011/09/26
PUBLIZITATEA
Mar del Plata, Argentina. Urtero bezala irailaren 29aren bueltan --iraileko egun hori baita San Migel eguna-- Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak programa bat prestatu du aurten ere Euskal Herriaren zaindaritzat hartua den San Migelen edo Mikel Deunaren ohoretan.
Larunbatean egingo den ekitaldiarekin amaituko da programa, baina lehenago, ostegun honetan arratsaldeko zazpi t'erdietan, irailaren 29an beraz, San Migel egunean, hitzaldia iragarri da Denak Bat-eko 'Jose Ariztimuño' Liburutegian Mauro Vitulloren eskutik 'Euskal gizataldeko emakumeen laguntza Guda Zibileko errefuxiatuei' izenburupean.
Biharamunean, ostiralean, gaueko hamar t'erdietan, mus eta kanasta txapelketa jokatuko dira, bi joko horien tailerrak ere egitearekin batera, ikasi nahi dutenentzat. Euskal Etxeko jatetxean izango da hau eta larunbatean, arratsaldeko hiruretan izango du segida, txapelketa bururatu arte.
Programako ekitaldi nagusia, ostera, larunbat gauean izango da, gaueko bederatzietatik aurrera, EEaren egoitzan, eta ohiko Taska bat izango da, euskal janaria zerbitzatuko delarik eta gauean zehar besteak beste honako beste osagai hauek bilduko direla: etxeko Beti Alai dantzarien emanaldiak, txapelketetako irabazleei sariak ematea, haurrentzako puzgarriak egongo dira, eta Txapela musika taldea arituko da gauari erromeria batekin amaiera ipiniz.
'Aralarko Mikel Deuna'ren ohorezko 2011eko programa joan den asteazkenean, irailaren 21ean, hasi zen EEaren 'Teyú Cuaré' kantxan jokatu zen ohiko Paleta Txapelketarekin, ondoko larunbatean, hilaren 24an, euskal elkarteko txiki eta ertainek FEVAk urtero Llavallolgo Euskal Echea eskolan euskal etxeetako gazteenentzat antolatzen duen jaian parte hartu zutela.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus