euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Larunbatean 'Segundo Galarza' Zikloko kontzertu berria, doakoa, Laurak Bat Euskal Etxean, hiriko hiru koru kantari

2024/06/28

Maiatzean, Segundo Galarza Zikloaren baitan, koru topaketa izan zen Provocanto, Lasalle San Martin Abesbatza eta Ostinato partaide
Maiatzean, Segundo Galarza Zikloaren baitan, koru topaketa izan zen Provocanto, Lasalle San Martin Abesbatza eta Ostinato partaide

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina . Larunbat honetan, ekainaren 29an, Segundo Galarza Zikloaren baitan, kontzertu berri bat eskainiko dute Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxean, hiriko hiru abesbatza direla partaide, hala nola Americanto, Decantados eta Camerata Vocalis Buenos Aires. Arratsaldeko 4etan izango da, eraikineko lehenengo solairuko Pedro de Basaldua aretoan. Koru musikaz gozatzeko aukera paregabea, publiko orori irekia eta sarrera doakoa duela.

Segundo Galarza Zikloa Buenos Aires hirian Laurak Bat Euskal Etxea musika-jardueren agerleku gisa finkatzeko helburuarekin sortu zen. Laurak Bateko kide eta Zikloko koordinatzaile den José Gutiérrez-ek balantze moduko bar eginez dioskunez, "Kontzertuen berri ahoz aho transmititzen dela ikasi dugu, publikoa dezente berritu da eta helburuak betetzen ari garela esan dezakegu". "Pozik gaude”, laburbildu dio EuskalKultura.eus-i, zikloak berehala urtebete bete behar duen honetan.

HIRIKO HIRU KORALAK

Americanto 1997ko apirilean Fernando Martorell egungo zuzendariak sortutako abesbatza da. Almagro auzoko (CABA) Independencia Institutuko ikasleen gurasoen abesbatza gisa hasi zen. Azkar hazi eta komunitate osoari irekitako talde bihurtu zen, Argentinako eta Latinoamerikako herri musikara bideratutako lana eginez. 2000. urte hasieran korua independizatu egin zen eta gaur egungo izena hartu zuen.

Decantados  2013an sortu zen Claudio Meloren eskutik, eta gaur egun ere bera zuzendari duela jarraitzen du. Koruak Barrio Norten (CABA) du jatorria da eta, batez ere, herri-musikako obrak interpretatzen ditu.

Camerata Vocalis Buenos Aires 1989ko urrian Villa Pueyrredón-eko (CABA) Nuestra Señora de Luján Institutuko ikasleen gurasoek sortutako abesbatza da, Jorge Eduardo Neme maisuaren zuzendaritzapean. Denborak aurrera egin ahala, Institutuko ikasleak, auzotarrak eta kantu koralean interesa zuten pertsona gehiagorekin hornitu da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia