Bertako Vasconia Taldeak antolaturik, Floridako I. Euskal Asteak hiru proposamen nagusi izango ditu: abuztuaren 11an, larunbata, pilota erakustaldia eskainiko da herriko Centro Democratico klubean. Igandean, eguerditik aurrera, Gastronomia Azoka muntatuko dute Vasconia Taldeko lagunek Esnegileen Elkartean. Abuztuaren 16an, azkenik, Euskal Baserrien Argazki Erakusketa inauguratuko dute herriko Kultur Gunean. Erakusketa hilabetearen azken egunera arte egongo da bisitagai.
Florida, Uruguai. Ofizialtze bidean dagoen herriko Vasconia Euskal Etxeak bere lehenengo Euskal Astea antolatu du aurten, datorren larunbatetik hasita. Programak zenbait ekitaldi batuko ditu, euskal gizataldeko lagunei ez ezik, komunitate osoari begira, honako egitarauari jarraiki:
-Abuztuaren 11an, larunbata: goizeko 10:30etan Pilota Paleta modalitate ezberdinetako erakustaldia eta estilo praktika, Uruguaiko Pilota Selekzioa partaide. Aktibitate honetan parte hartuko duten pilotarietako batzuek Uruguaiko ordezkari izango dira datorren Munduko Txapelketan, Bartzelonan. Lekua, Centro Democratico-ko pilotalekua, sarrera libre eta doan.
-Abuztuaren 12an, igandea: eguerdiko 12etan, Gastronomia Azoka. Lau stand muntatuko dira eta bakoitzean plater tipiko bat eskainiko da, tartean bildotsa, pintxoak, arrainak… Azokaren baitan pantaila erraldoia jarriko dute Vasconiako lagunek Euskal Herriko irudiak proiektatzeko, eta musika eta dantza ikuskizunak ere taularatuko dira. Lekua, Esnegileen Elkartea, sarrera $400.
-Abuztuaren 16an, osteguna: Euskal Baserrien argazki erakusketa. Koadroak –35 guztira– Herriko Kultur Gunean egongo dira ikusgai abuztuaren 31eran arte.
Azken eta datozen ekintzak
Oso momentu aktiboa ari da bizitzen Floridako Vasconia Taldea azken bolada honetan eta ez dute bultzada pasatzen utzi nahi pauso berriak emateko euskal etxe ofiziala bihurtzeko bidean. Gernika Plazan iaz egindako hobekuntza lanek eragin handia izan zuten herrian eta eskola bateko ikasleek Gernikako Bonbardaketa eta Euskal Herriari buruzko hitzaldi bat eskatu zieten taldeko lagunei. Aurten, bestalde, Gorka Alvarez Aranburu Kanpoan dagoen Euskal Komunitatearentzako zuzendariaren bisita jaso zuten eta I. Euskal Astea antolatzeko Uruguai osoko euskal elkarteen laguntza izan dute.
Izan ere, Taldea hasia da Lege Izaera bideratzen. “Erakundeari estatus formal bat eman nahi diogu, gero eta gehiago garelako eta nolabaiteko kontratu sozial bat izateko gure artean”, adierazi dute Taldeko lagunek herriko CW33 irratian egindako elkarrizketan.