Bahía Blanca, Argentina. Datorren asteburuan Bahia Blancako Unión Vascak abegia emango dio Euskara Munduan programaren baitan San Nicolasen 2020ko urtarrilean abiatutako promozioa osatzen duen euskaltzale taldeari. Izan ere Union Vasca Euskal Etxeko hau izango da Euskal Herritik kanpoko euskara irakasleak prestatzeko helburua duen ekimen honen zortzigarren eta azkeneko ikastaro trinkoaren anfitrioi egungo taldeari dagokionez.
Bertaratuko diren Hego Amerikako 16 ikasle-irakasleak bukatzear daude euren formakuntza aldia. Barnetegia uztailaren 15etik 22ra, larunbatetik ondoko asteko larunbatera arte, luzatuko da. Gabriel Arce eta Anabel Jaureguiberry arituko dira irakasle, Lazkaoko Maizpide Euskaltegiko Jon Urdangarinek sortutako material didaktikoarekin. Barnetegia FEVAko Gabriela Mendiak eta Etxepare Euskal Institutuko Kinku Zinkunegik koordinatuko dute.
Ikastaldia abenduan bulatuko dute
Programak, ohi duenez, lau urte iraungo ditu, 2020-2023, urrutiko prestakuntza harturik, online ikastaroen bidez, eta normalean zortzi barnetegi presentzial baitaratzen baditu ere, honakoan, Covidak eragindako urte-arte berezi honetan, barnetegietako batzuk ere online izan behar izan zuten pandemia bete-betean jotzen ari zela ezarritako murrizketak tarteko. Barnetegiko partaideek helduei euskara irakasteko oinarrizko curriculumaren B2 maila egiten ari dira eta formakuntza aldia abenduan amaitzea espero da.