euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ostegunera arte ari da Budapesten Hungariako Euskal Kultur Astea, euskara irakurletzak antolatuta

2013/05/06

Izaskun Perez irakurlea eskusoinua jotzen 2011ko Szegedeko Dantza-Plazan; atzean, bere ikasleak Esku Dantza dantzatzen
Izaskun Perez irakurlea eskusoinua jotzen 2011ko Szegedeko Dantza-Plazan; atzean, bere ikasleak Esku Dantza dantzatzen

PUBLIZITATEA

Etxepare Institutuak Hungarian sustatzen duen Euskara eta Euskal Kultura Irakurletzak antolatuta, iragan larunbatean Euskal Astea abiatu zuten Budapesten. Inaugurazio ekitaldian musika izan zen protagonista, euskal doinuak eta hungariar tradizioa uztartu zituen kontzertu eta dantza saio batekin. Gaurtik eta ostirala bitartean, jardunaldion baitan Euskal Herrian egindako lau film ikusteko aukera izango dute hungariarrek: "Blancanieves", "Los amantes del Círculo Polar", "Gazta zati bat" eta "Kutxidazu bidea, Ixabel".

Szeged, Hungaria. Hungariako Szeged hiriko Euskara eta Euskal Kultura irakurletzak Euskal Astea abiatu zuen larunbatean, Budapesten. Irekiera ekitaldia Picasso Point delako gunean egin zen kontzertua izan zen. Bertan, euskal eta hungariar folk musika uztartu zituzten Izaskun Perez irakurleak eta Gobe taldeak, irakurletzako euskara ikasleek dantza erakustaldia eskaintzen zuten bitartean.

Gaur, ekitaldiek Szeged hirira egingo dute jauzi, eta arratsaldeko 19:00etan musika eta dantza erakustaldi berri bat egingo da, oraingoan Millenium Plazan. Izaskun Perezekin batera, Samli taldea ariko da.

Euskal zinea

Bihartik aurrera euskal zinea izango da jardunaldiotako protagonista eta, orotara, lau euskal film luze izango dira ikusgai. Emanaldiak Szeged Unibertsitateko Hispaniar Ikasketa Sailean egingo dira. Bihar Pablo Berger bilbotarraren "Blancanieves" luzemetraia arrakastatsua izango da ikusgai eta etzi Julio Medem donostiarraren "Los amantes del Círculo Polar" lanak hartuko dio lekukoa.

Hurrengo bi filmak euskaraz izango dira: ostegunean, ikusgai izango da Jon Maia bertsolariak zuzendutako "Gazta zati bat" dokumentala eta, ostiralean, jardunaldiei amaiera emanez, Fernando Bernues eta Mireia Gabilondo zuzendarien "Kutxidazu bidea, Ixabel" luzemetraia ezaguna.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia