euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Larunbatean estreinatuko da Maulen "Xora", zubereraz egin den lehenengo eta momentuz film bakarra

2012/03/08

"Xora" filmearen grabaketaren une bat (argazkia xora-filma.com)
"Xora" filmearen grabaketaren une bat (argazkia xora-filma.com)

PUBLIZITATEA

Egun handia izango da larunbata Zuberoako euskal kulturarentzat; izan ere, zubereraz ekoitziriko lehen filma estreinatuko da Maulen. Filman idazle izan nahi duen zuberotar gazte batek Ameriketan gidoilari ibili zen osabaren laguntza bilatzen du. Bi protagonisten arteko harremana eta gaztea deskubritzen doan istorioa dira laren ardatza. Peio Cachenaut-ek zuzendu du eta auzolanean ekoitzi dute Zuberoako Hebentik kultur elkarteak eta Aldudarrak Bideok. Baleuko ekoiztetxeak ere parte hartu du proiektuan, eta Hegoaldeko zinemetan estreinatuko da, baina Iparralderako banatzaile bila ari dira arduradunak. "Penagarria da Maulen egindako filma Hegoaldean lasai ikusi ahal izatea eta ez, ordea, Baionan", esan dio EuskalKultura.com-i Hebentik-eko Mixel Etxekoparrek.

Maule, Zuberoa. Gaur egun zinea egitea zaila bada, are zailagoa euskaraz, eta zer esanik ez zuberera bezala oso hiztun kopuru txikiko euskalki batean. Erronka honetan hasi zen, alabaina, orain dela bost urte Hebentik kultur elkartea, Peio Cachenaut zuzendari eta zinemagileak aurkeztu zien proiektuak maiteminduta. Orain, azkenik, gauzatu da guztia eta heldu den larunbatean estreinatuko da Mauleko zine-gelan, 21:00etan.

Ekimenak Zuberoako herri elkarte eta lagun asko bildu ditu eta auzolanean egiten joan da azken bost urteetan. Izenburuko xora edo zoramen hori, filmeko protagonistaren ametsari dagokiona, xiberotar multzo handi baten grina bilakatu da. Horrez gain, Hegoaldetik ere izan du babesa proiektuak eta Baleuko ekoiztetxea ekoizlekide sartu da. Barton Films enpresak banatzaile lanak egingo ditu eta aurki Hegoaldeko zinemetan estreinatuko da lana. Alta, Iparralden ez du oraino banaketarik lortu, eta kari horretara arduradunak banatzaile bila ari dira Parisen, Hebentik elkarteko Mixel Etxekopar aitortzen duenez.

Azpitituluak batuaz

Iparraldeko banatzailea eskuratu artean atzeratuko da estreinaldia zine aretoetan, Euskal Herri osoan aldi berean erakutsi ahal izateko. Asmo horrekin filmaren azpitituluak gaztelaniaz eta frantsesez ari dira prestatzen, eta baita ere euskara batuaz. "Gure ideia filma jatorrizko bertsioan ematea da, ederra delako zinema-geletan zuberera entzutea", esan dio Etxekoparrek EuskalKultura.com-i. "Muntaia bukatuta, Gasteizko zinema gela batean ikusi genuen lehen aldiz filma, eta zirraragarria izan zen gela ilunduan xiberotarra entzutea", kontatzen du xiberotarrak argia begietan.

Ingelesez ere egingo dituzte azpitituluak eta Diasporan ere erakusteko ideia du Etxekoparrek, oraindik horretan lanean hasi ez badira ere. "Badakit adibidez San Frantziskon euskal zine sail bat egiten dutela", agertu du. San Frantziskon bada filma azpititulurik gabe ere erraz segituko luketen xiberotar jatorridun andanatxo bat, baina gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko azpitituluei esker Diasporako euskal etxe ia guztientzako izan daiteke egokia luzemetraia. 

Talde esperientzia ederra

Peio Cachenaut zuzendari eta gidoilaria oso pozik agertu da emaitzarekin eta Etxekoparrek haren lana azpimarratzen du. "Ederki gauzatu du Peiok proiektua. Bere lehenengo lana zen baina zine-kultura zabala du, autodidakta delarik. Bost urte pasa dira gidoia idazten hasi zenetik eta uztailean egin genuen grabaketa; talde esperientzia ederra izan da". Filmaren protagonistak, Jef Goihenexpe eta Ttittika Rekalt aktore xiberotarrak dira.

Hona filmaren trailerra: 

XORA Trailer HD euskaraz from xora-filma on Vimeo.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia