La Plata, Argentina. Aurrera doa Korrika Euskal Herrian eta baita Diasporan ere. Eta nahiz eta Euskal Herriko bide aldapatsuetatik urrun egon, Argentinako euskaltzaleak ez dira euskaratik urrun sentitzen eta 19. Korrikarekin bat egiten ari dira hainbat ekitaldirekin.
Laplatatarren kasuan, larunbat honetan egingo dute euren lasterketa, aurreko edizioan bezala hiriko Moreno Plaza abiagune. Ahalik eta lagun gehien biltzeko asmoz, deialdi irekia eta zabala egin diote antolatzaileek, “La Platako euskal komunitateari eta euskararen alde dagoen orori”. Hitzordua arratsaldeko 4etan da eta jendea animatzeko bideoa filmatu dute La Platako Irakurletzako ikasleek (Bideoa hemen).
La Platako Irakurletza: 2015 ikasturtea
Bi aste barru, apirilaren 8an, hasiko dira euskara eskolak La Platako Unibertsitate Nazionaleko Euskara eta Euskal Kultura Irakurletzan, Eusko Jaurlaritzako Etxepare Euskal Institutuak eta Unibertsitateak 2008an sinatutako lankidetza hitzarmenaren baitan.
Klaseak astean zehar emango dira, Dani Oiarbide irakasle idiazabaldarra arduradun, ikasleen mailaren arabera antolatuta. Hasiberriei dagokienez, asteazkenetan izango dira elkarretaratzeak, arratsaldeko 3:30etatik 5:30etara, Zientzia Ekonomiko Fakultateko Graduondo Ikasgelan, apirilaren 8an hasita. Izena emateko, alumnos.internacionales@presi.unlp.edu.ar helbidera behar da idatzi, honako datu hauek adieraziz: izen-abizenak, NAN, helbide arrunta, helbide elektronikoa eta telefono zenbakia.
Gogora dezagun Eusko Jaurlaritzaren baitango Etxepare Euskal Institutuak eta La Platako Unibertsitate Nazionalak kudeatzen duten La Platako Irakurletza 2008an hasi zela eta urte hauetan 300dik gora ikaslek eman dutela izena euskara eta euskal kultura ikasteko. Baina eskolez gain, beste hainbat proposamen antolatzen dira Irakurletzaren baitan: “2014 kurtsoan zehar hitzaldi mordo bat eman genuen, tartean Fito Rodriguez, Mikel Ezkerro, Elena Odriozola, Toti Martinez de Lezea, Angel Oiarbide eta Txutxi Ariznabarreta hizlari zirela. Txalaparta ikastaroa ere eman genuen eta Euskararen Eguna ospatu... Beraz, aktibitateen oso balantze ona egin ahal dugu” adierazi dio EuskalKultura.com-i Dani Oiarbide irakasleak.
Euskara eta euskal kultura ikastaroa doan da eta parte hartzeko ez da beharrezkoa aldez aurreko ezagutzarik. Izen-ematea apirilaren 6ra arte egin daiteke.