euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Larunbatean aurkeztuko da Durangon 'Urraska', liburu, CD, DVD eta gidaliburua, euskal jauziak ikasteko

2010/06/08

'Urraska', jauzietara hurbiltzeko material berria datorren larunbatean salgai Durangoko Plateruan; eta sarean, artikuluan adierazten diren tokietan
'Urraska', jauzietara hurbiltzeko material berria datorren larunbatean salgai Durangoko Plateruan; eta sarean, artikuluan adierazten diren tokietan

PUBLIZITATEA

"Urraska. Dantza jauziak Sagasetaren bidetik" lan honek, balio etnografikoa eta izaera didaktikoa uztartzen ditu, Euskal Herriko ohiko dantzaren garrantzi kulturala azaleratzen duelako eta bere ikasketa errazten duelako. Dantzen transkripzioak eskaintzen ditu lanak, dantza jauzi guztien partiturak tonu ezberdinetan, pausoen gida eta Sagasetak jasotako jauzi tradizional guztien grabazioak CD bikoitz batean. Gainera, MP3 formatuan pausoak kantatzen diren bigarren bertsio bat eskaintzen da. Aiko Taldearen lan berri hau datorren larunbatean, ekainaren 12an, aurkeztuko da Durangoko Plateruena Kafe Antzokian 'Dantzazale Eguna 2010' ospakizunean.

Bilbo, Bizkaia. Euskal musika eta tradizioak hedatzea helburu duen Aiko Taldeak, Urraska. Dantza jauziak Sagasetaren bidetik – A new recording of the basque jauziak dances collected by Sagaseta ikerketa lana aurkeztuko du, dokumentazio eta diskografia ikerketa lana. Bertan, jauziak dantzen errepertorio oso bat jasotzen da, argitalpenaren parte direla: liburu bat, CD bat, DVD bat eta dantzarako pausoen poltsikoko gida. Euskal folklorearen gai jakin honen inguruan egin den ikerketa lanik sakonena da material hau eta Nevada-Renoko (AEB) Unibertsitateko Eusko Ikaskuntzen Zentroaren laguntzarekin argitaratutako da. Grabaketan honako hauek parte hartu dute: Asier García (danborra), Aitor Furundarena (eskusoinua), Sabin Bikandi (txistua y danbolina) eta Patxi Laborda (dantza pausoak markatzen).

Bildumaren aurkezpena datorren larunbatean, ekainaren 12an, egingo da,Durangon, “Dantzazale Eguna 2010” ospakizunarekin batera. Hitzordu honekin 'Dantzaldi Ibiltaria', Aiko Taldeak duela bi urte abian jarritako urteroko programari amaiera emango zaio. Euskal dantza tradizionala berreskuratzeko eta sustatzeko sortua zen programa hau Bizkaiko txokoetan barrena ibili da dantza tailerrak, ikastaroak eta erromeriak antolatzen. Larunbat honetan erromeria tradizional hau Durangoko Kafe Antzokian izango da berriro ere, ikasturteari amaiera emanez. Bertara bilduko dira tailer eta ikastaroetan urtean zehar parte hartu duten ikasleak, baita ere, besterik gabe, folklorearekin eta dantza tradizionalarekin gozatzen duten guztiak. Erromeria eta bazkari herrikoia dantzazale guztientzako daude zabalik, Aikoren ikasle izan edo ez. Interesatua bazaude, ez izan zalantzarik, www.aikotaldea.com webgunean izena eman besterik ez da egin behar.

Izan ere, ‘Dantzaldi Ibiltaria’ren bokazio didaktiko hori da hain zuzen ere ‘Urraska’-ren izaera nagusia, goi mailako balio etnografikoa, izaera praktikoarekin uztarturik. Aikoren helburua lan honekin ez da soilik jauziak babestea gure ondarearen zati direnez gero, baizik eta irakaskuntzaren bitartez, plazaratu eta biziaraztea.

Sauts-basques bezala ezagunak diren dantza hauek 'Dantzaldi Ibiltaria'-ren tailer eta erromerietako oinarri dira. BBK Fundazioaren babesa du proiektu honek. Bizkai osotik barrena ibili da herriz herri ikastaroak eskainiz. Eta ikastaroei esker eta baita ere astero Durangon egiten diren erromeriak medio, programak errotzea eta jarraikortasuna izatea lortu du. Proiektuaren originaltasunak hasiera hasieratik harrera ezin hobea izan zuen Bere lehen edizioan mila lagunetik gora bildu zituen eta aurtengo ikastaro finkoetan, 300 ikasle baino gehiago lortu ditu.

Euskal musika tradizionala maite dutenekin bertatik bertarako harreman zuzenean ibiltzeak erakutsi die Aiko Taldeko musikari eta dantzako maisuei norainoko interesa sortzen duten jauziek eta honek eman zion Taldeari euren ikasleentzako 'testu liburu' bat egiteko adorea. Hasierako ideia honetatik abiatuta sortu da ikerketa lan sakon hau. Baina ikertu, bildu, baloratu eta materiala sailkatzen hartutako lan honek ez die bakarrik dantzazale berrien beharrei erantzuten, hasierako ideia hori bazen ere. Oro har euskal musikarekiko interesa duen publiko guztiarentzako da ikasketa erreminta eraginkorra, dantzen transkripzioak eta musika tresna ezberdinekin jo ahal izateko tonu ezberdinetan konposatutako jauzi guztien partiturak jasotzen baitira bertan.

Lan hau, Migel Angel Sagaseta Ariztegi apaiz eta musikariak 70. hamarkadan jauziek BeNafarroa Behereko dantza tradizionalaren koreografian duten garrantzia azpimarratuz egin zuen ikerketa oinarri hartuta sortu da. Lan garrantzitsua burutu zuen Sagasetak, jauzien musika-doinuak biltzeaz gain, ordura arte ezezagunak ziren ikerlarien eta hauen lanen bio-bibliografiaren berri eman baitzuen, tartean, adibidez, Pierre Laharrage-rena, euskal dantzaren inguruko lehen lanaren egilea 1900. urtean.

Multimedia euskarria

‘Urraska’k jasotzen duen material kopurua kontutan harturik, multimedia edizio oso batera bildu da, tartean liburu bat, CD bikoitz bat, DVD bat eta dantza pausoen poltsikoko gida bat, kutxa txiki batean aurkeztuta.

Liburua, Estatu Batuetan landua, euskaraz eta ingelesez eman da argitara, eta Aikoren interpretazio proposamena zehazten du, dantza hauen jatorriaren, musikaren eta koreografien inguruko zenbait ideia teoriko eskainiz. Liburuaren edukiaren gaztelerazko eta frantsesezko bertsioak DVDan datoz, antzinako grabazioen bilduma batekin --Aiziritze, Bithiriña eta Iholdi herrietan jasoa-- batera, interes etnografiko handia duen lana eta Euskal Herrian dantza honek duen sustraia erakusgarri. Jauziak doinuen grabazioak MP3 bertsioan ere jasotzen dira, pausoak kantatuz.

Jauzien musika grabazioak (urratsak kantatu gabe), bi zedetan aurkezten dira. Migel Angel Sagasetak Luzaiden 70. hamarkadan jasotakoak dira hauek. Eta azkenik, 'Urrastegia' deitzen den poltsikoko gida bat osatzen du 'kit' hau, norberak bere aldetik praktikatu ahal izateko dantza-pausoen gida bat.

Nevada-Renoko Unibertsitateko Eusko Ikaskuntza Zentroa

Urraska-ren banaketa Nevada-Renoko Unibertsitatearen ardura izango da. Izan ere, bertako Euskal Ikasketa Programak berehala erakutsi baitzuen proiektu honetan parte hartzeko interesa. Unibertsitateko Center for Basque Studies, 1967an sortu zen AEBetako Mendebaldean etorkin euskaldunen eragina ikertzeko helburuarekin. Geroztik, bibliografia bilduma garrantzitsuen garapena, ikastaroen antolaketak, doktoretza programak eta euskal gaien inguruko ingelesezko hainbait libururen argitalpenak sustatu ditu. Proiektu honetan estatubatuar unibertsitatea egoteak, Urraska. Dantza jauziak Sagasetaren bidetik – A new recording of the basque jauziak dances collected by Sagasetaren nazioarteko oihartzuna bermatzen du, helburu honekin, Aiko Taldeak materiala euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez kontsultatu ahal izateko prestatu duelarik.

Orain aurkezten den lana helbide hauetatik banatuko da:
- www.basque.unr.edu
- www.basquebooks.myshopify.com

Aikoren bosgarren diskografia lana

Aiko Taldea musika eta dantza tradizionaleko maisu talde bat da eta euskal musika tradizionalaren ondarea zabaltzea du helburu. Dantzatzeko era tradizional eta naturala zabaldu nahi ditu, eta horrekin batera, ikasteko bide atsegin, argi eta erraz bat proposatu, jendeak oro parte hartzeko modukoa. Bere helburua erromeria tradizionalek ohiko balio sozializatzailea berreskuratzea da, eta guztion aisialdirako dibertimendu izatea.

Bultzatzen dituen ekimenen artean tailer, mintegi eta erromeriak antolatzeaz gain, musika tradizionaleko diskoen argitalpenak egitea dago. Urraska, izan ere, Aikoren bosgarren lana da. Iaz, 'Aurrez Aurre' CDa aurkeztu zuten, Maritzuli konpainiarekin batera estreinatu zen izen bereko ikuskizun musikalari doinua ematen dion lana. Lehenago, 'Dantzak' argitaratu zuten, Euskal Herriko dantzen inguruko lana; eta 'Kobreik', dultzainaren errepertorioari dedikatutakoa; eta 'Herri musika ta dantza', 2007an, dantzatzeko 21 doinu biltzen dituena.

Aiko Taldea

Aiko, folklorea zabaltzeko interesak elkartuta, musika eta dantza tradizionalaren munduan esperientzia duten profesionalak dauzka partaide. Gaur egun ondorengo musikariek osatzen dute:

-Aitor Furundarena (soinujolea eta konposatzailea)
-Alvaro Garcia Martinez (gitarra jole eta konposatzailea)
-Asier Garcia Artetxe (perkusioa)
-Miren Zeberio (bibolina)
-Koldo Salazar (soinua)
-Elur Arrieta (perkusioa eta dantzaria)
-Sabin Bikandi (danbolina eta konposatzailea)

eta dantzari zein dantza maisuak diren: Jon Maya, Larraitz Artetxe, Patxi Laborda eta Vanesa Castaño.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia