euskal diaspora eta kultura
2011/04/28
PUBLIZITATEA
Bartzelona, Katalunia. Bartzelonako Euskal Etxeak, Universitat Autonoma de Barcelonak (UAB), Universidad de Barcelonak (UB) eta Hizkuntz Eskolak antolatzen duten Literaldiaren 11. edizioa larunbat honetan abiatuko da. Lau asteko iraupena izango du jaialdiak eta euskal literaturari erakuslehio aparta eskainiko dio Bartzelonan.
Egitarau mardulari ekinez, larunbatean bertso-afaria egingo da Euskal Etxean, Eneko Lazkoz eta Jon Elizetxe bertsolariekin. Aurkezle modura Alaitz Rekondo arituko da. Gaueko bederatzietatik aurrera izango da ekitaldia eta prezioa 12 eurokoa (bazkideek 10 euro) izango da. Izena eman behar da aurretik.
Maiatzaren 5ean, ostegunean, Hedoi Etxarte marrazkilaria Euskal Etxean izango da 'Ihes Ederra' komikiari buruz mintzatzeko. Argazkilari baten eta irakasle baten egunerokoa da irudi-eleberri hau. Istorioa Euskal Herrian dago kokatua, azken berrehun urteak Frantses Errepublika Federalean daramatzan Euskal Herri batean, hain zuzen. Katalanez ere argitaratu dute, 'La bella fugida' izenarekin. 20:00etan.
'Ez donk armairu'
Biharamunean, maiatzaren 6ean, 'Queer irakurketak (euskal) literaturaz' mahaingurua egingo dute Euskal Etxean. Hizlariak Kattalin Miner, Rikardo Arregi, Mikel Aierbe, Ibon Egaña, Angel Erro eta Juanjo Olasagarre izango dira eta honako galderei erantzuna ematen saiatuko dira: Nola kontatu ditu euskal literaturak lesbianen arteko harremanak? Nolakoak dira gay pertsonaiak euskal eleberrietan? Ba ote dago ezaugarri komunik?
Maiatzaren 7an 'Ez donk armairu' izenburupean gay&les poesia irakurraldia egingo dute, “Desira desordenatuak: Queer irakurketak (euskal) literaturan” liburua abiapuntu harturik. "Irakurketa poetiko, umorezko eta (meta)fisikoa" izango dela agintzen dute antolatzaileek.
Maiatzaren 11an Celayari buruzko ekitaldi berezia egingo da, mendeurrenaren karietara. Jose Andrés Alvaro Ocariz idazle donostiarra 'Celaya esencial' liburuari buruz mintzatuko da eta bere poesiak irakurriko ditu. Alvaro Ocarizen liburuak defendatzen du idazle hernaniar handiaren poesia gaur egungo gizartea bizitzeko ezinbestekoa izan zela.
'Euskaraz egitea, tu egitea'
Hurrengo egunean, maiatzaren 12an, Koldo Izagirre idazleak bi hitzaldi emango ditu, bat UAB-n 13:00etan eta bigarrena Euskal Etxean 20:00etan. 'Soc blanc i em diuen speak white' izenburua du hitzaldiak eta tesi probokatzailearekin zer pentsatu emango dio Izagirrek entzuleari: "Euskaraz egitea, tu egitea da. Garbitasuna zikintzea, normaltasuna apurtzea", dio. "Herri izatearen froga eta kontzientzia ematen digu euskarak. Bizi garen froga".
Poesia, musika eta pintura uztartuko ditu hurrengo hitzorduak, maiatzaren 13an, 'Eskuen sustraiak' poesia irakurraldiarekin. Oier Guillanen 'Eskuen Sustraiak' poesia liburuan oinarrituko da. Guillanekin batera Asier Sarasola, Ander Fernandez musikaria eta Idoia Beratarbide margolaria ariko dira.
Uribe eta Muguruza
Maiatzaren 17 eta 18an Kirmen Uribe idazle eta poetak 'Bitartean heldu eskutik' poesi liburuan oinarriturik hiru irakurraldi eskainiko ditu: UAB-n, Manresako Parcir liburudendan eta Euskal Etxean. Uriberen lanak nazioartean oihartzun zabala izan du eta adibidez, The Harvard Book Review aldizkari espezialdu ospetsuak zera dio: "sustraiak Euskal Herrian izanagatik, Kirmen Uriberen poesia erabat unibertsala da". 'Bitartean heldu eskutik' katalanera itzuli dute 'Mentrestant agafa’m la mà' izenburuarekin Laia Noguera eta Jon Elordi itzultzaileek
Maitzaren 25ean Jabier Muguruza poeta eta musikariak hartuko du Uriberen lekukoa, 'Encuentros con alma' liburuaren aurkezpenarekin. Noticias taldeko egunkarientzako Muguruzak bederatzi artista elkarrizketatu zituen: Luz Casal, Bernardo Atxaga, Jaume Sisa, Helena Taberna, Xabier Leete, Pablo Guerrero, Martirio, José Ramón Soroiz eta Kiko Veneno. Liburu honetan sorkuntza lanari buruz egiten dituzten hausnarketak biltzen dira.
Euskal Herri imajinarioa
Maiatzaren 26ean Anjel Lertxundi idazleak liburua aurkeztuko du Euskal Etxean, 'Los trapos sucios' hitzaldiarekin. Bukatzeko, maiatzaren 27an Jon Jimenez eta Andoni Olariaga filosofoek nazio eta nazionalismoei buruz hausnarketa egingo dute 'L'Euskal Herria imaginària: totes les nacions són invents, pero no per aixó falses' hitzaldiarekin.
Informazio gehiago, hemen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus