euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Larunbat honetan egingo dute Kaliforniako Yuba City-n berrogei urte betetzear dagoen Txorizo Txapelketa

2015/02/05

Hogeita hamalau taldek hartu zuten parte iazko txapelketan (Argazkia: EuskalKultura.com)
Hogeita hamalau taldek hartu zuten parte iazko txapelketan (Argazkia: EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Urtero egiten dute txapelketa hau Yuba City-n (Kalifornia, AEB), aurten 39.enez. Aurtengoa, izan ere, larunbatean izango da, otsailaren 7an. Kaliforniatik bakarrik ez, Nevada eta, eguraldiaren arabera, Washingtondik ere hurbilduko da jendea Urrezko Estatuko iparraldera. Bert Ithurburn antolatzaileak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “txorizoa egiteko euskal baserrietako modua da hemen goratzen dena, ez beste ezer”.

Yuba City, AEB. Sutter herriko Youth Hall aretoan (7780 Butte House Rd, Sutter, Kalifornia), Yuba City ondoan, ospatuko da festa, goizeko 11:00etatik aurrera. “Seguruenik horrenbeste jende bilduta, zertxobait beranduago hasiko gara”, aitortzen du Ithurburn-ek. 34 taldek hartu zuten parte aurreko urtean baina izen ematea larunbatean bertan izango denez ez dakite arduradunek zenbat lagun izango dituzten sukalde lanetan. Edozelan ere, irabazleek beren izena idatzita izango duen trofeoa eta amantal bana jasoko dute,

Parte hartzaileek etxean egindako 5 eta 7 txorizo kilo inguru eraman beharko dituzte (bost epaile daude eta hiru kaleratze), bai eta zartagina, okela mozteko ohola, ganibeta eta sardexka. Lau taldek batera lan egiteko lekua du Youth Hall-eko sukaldeak, baina beste su eramangarri pare bat atonduko dituzte antolatzaileek.

Euskal baserrietako txerribodak eta txorizoa, odolkia eta tripota egitea ospagai hartzen duen jaialdi honen beste berezitasun bat, euskal musika eta dantzaririk gabe egin izana da. “Saiatu izan gara aurreko urteren batean musika ekartzen, baina jendearen berbekin-eta zaila da ezer entzutea”. Haatik, jaki desberdinak dastatzeko beta izango dute bertaratzen direnek, parte hartzaile ez direnek etxean egindakoak eramango dituztelako, gehientsuenak euskal errezetak, tartean euskal estiloko paella.

[irabazteko asmorik gabe antolatutako ekitaldia da Yuba City-koa. Gastuak dituenez (soilik aretoa errentatzea 600 dolar dira eta asegurua 350) diru-dohaintzak ongi etorriak dira, ekimenari jarraipena eman ahal izateko]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia