euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Larunbatean egingo da Galdakaon Euskal Herrian bizi diren Euskal-Venezuelarren XVII. Topaketa

2012/04/17

Iazko bazkariaren ere Galdakaoko Batzokian egin zen (argazkia EuskalKultura.com)
Iazko bazkariaren ere Galdakaoko Batzokian egin zen (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Beste behin --eta hamazazpigarrena da jada-- Venezuelako euskal diasporarekin harremana duen lagun talde bat bilduko da Galdakaon, Euskal-Venezuelarren Urteroko Topaketaren baitan. Lagunarteko bilera da topaketa hau eta helburua Venezuelan jaio edo bizi izan diren euskaldunak biltzea da, aspaldiko lagunak ikusteko eta harremana mantendu ahal izateko. Aurtengo bazkaria Galdakaoko Batzokian egingo da, eta Amaya Zenarutzabeitia antolatzaileak EuskalKultura.com-i baieztatu dionez, dagoeneko 60 lagundik gora eman dute izena. Azken egunak dira izena emateko bertaratu nahi dutenentzat.

Galdakao, Bizkaia. Dena prest dago Euskal-Venezuelarren XVII. Urteroko Topaketarako eta larunbat honetan Galdakaon bilduko dira Euskal Herrian bizi baina herrialde hegoamerikarreko Diasporarekin harreman estua duten 60 bat lagun. Gehienak han jaioak edo bizitakoak dira, eta Euskal Herrira itzuliak; beste batzuk Euskal Herrian oporretan dauden Venezuelako euskaldunak, eta zenbaitzuk Caracasen, Carabobon... senitartekoak dituztenak. Urtero biltzeko ohitura politari sendo eutsi dio taldeak, eta ohi bezala, emozioz beteriko topaketa izango da.

Aurten antolatzaileek, Amaya Zenarutzabeitia buru, arazo logistiko batzuei aurre egin ondoren, jatetxea erreserbatzeko arazoak zirela eta, deitu dute jada bilkura. Hitzordua larunbat honetan izango da, eguerdian, Galdakaoko Somera kalean (ofizialki, kalearen izena Gipuzkoa da, baina). Hasteko, herriko tabernetan barrena poteo txiki bat egingo dute partehartzaileek, horrela elkar agurtzeko tartea izango dute aspaldiko lagunek eta senitarteek.

Ondoren, Galdakaoko Batzokira joango da taldea eta, bertan, goiko solairuan, egingo da urtean zehar zendu diren taldeko kideen oroimenezko meza, 14:00tan. Aurten gogoan izango dira, besteak beste Lurdes Basañez, Ibon Doxandabaratz, Maricarmen Endaia, Agustin Etxabe, Gines Anaia, Milagros Flaviano eta Dei Urresti.

Mezaren ostean, 15:00ak aldera, hasiko da bazkaria. Aurten menua "erdi venezuelarra, erdi euskalduna" izango da, Amaya Zenarutzabeitiak EuskalKultura.com-i azaldu dionez: 'txerri pernila' izeneko jaki tipikoa, entsaladila, zainzuriak, legatza eta entrekota. Menuaren prezioa 35 eurokoa izango da, kafea barne.

Dagoeneko 60 lagunek izena eman dute baina, antolatzaileek azaldu dutenez, bada oraindik azken orduko partehartzaileentzako lekurik. Erreserba egiteko, bidali e-maila Amayari, hona.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia